Marka guztiak hausten ari da
Nahia Garridok 15 urte besterik ez du, baina Tolosaldea taldeko igerilari urretxuarrak lorpen handiak erdietsi ditu jada: besteak beste, hiru domina irabazi ditu Espainiako Txapelketan. Euskal harrobiko altxorretako bat da.
Nahia Garridok (Urretxu, Gipuzkoa, 2007) du etorkizunik oparoena euskal igerilarien artean. Hala diote, behintzat, Sabadellen (Herrialde Katalanak) jokatutako Igerileku Laburreko Espainiako Txapelketan lortu dituen emaitzek. Tolosaldea taldeko igerilari gazteak hiru domina irabazi zituen: urrezko bat bere proba kutunean, bizkar estiloko 200 metrokoan; eta zilarrezko bi diziplina bereko 50 eta 100 metrokoetan. Gainera, haren adineko Espainiako lau marka —bizkarreko hiru distantzietan eta tximeleta estiloko 50 metrokoan— eta Euskadiko beste bi —bizkar estiloko 100 eta 200 metrokoetan— lortu zituen. Hori gutxi balitz bezala, gazte mailako Europako sailkapenean sartu da. Eta sasoia hasi besterik ez du egin.
Azaldu duenez, sentsazio onak izan zituen Espainiako Txapelketan, eta espero zuen marka horiek egitea. Hala ere, «motz» geratu zitzaion txapelketa, eta urteko azken astean Eguberriko Sari Nagusian aritu zen, Donostian. Hainbat dominen lehian ibili zen, eta, azkenean, bi zilar eraman zituen etxera, bizkar estiloko 50 eta 100 metrokoetan. «Oso pozik» dago lortutako emaitzekin, kontuan hartuta aurretik zituen igerilariak hura baino helduagoak direla.
Albistea osoa Berria.eus webgunean.