Urretxu eta Zumarragako egutegi preziatuena
Urretxuko eta Zumarragako Gainzuri ikastetxeko ikasleek egutegi bat egiten dute urtero, euskal kulturarekin lotutako gai bat ardatz bezala hartuta. Aurtengoa 25.a da. Aurreko urteetan egindako lana jaso dute.
U rte berria hasi dugu eta egutegi garaia da: aurrezki kutxetakoak, kirol taldeetakoak, horman jartzekoak, mahaian jartzekoak, poltsikokoak… Urretxun eta Zumarragan, egutegi preziatuena Gainzuri ikastetxekoena da. Euskal kulturaren transmisioa bermatzeko tresna bezala sortu zena, ikastetxeko ikur nagusietakoa bilakatu da. 2023koa 25. egutegia da. Hala, aurtengoan aurreko guztietan egindako lanak jaso dituzte. Eta aurtengo egutegirako egindako eskulanak Juan de Lizarazu erakusketa aretoan ikusgai egongo dira, bihartik aurrera.
Iñaki Etxaniz zuzendariak azaldu du egutegia nola egiten duten. «Hasteko, euskal kulturarekin zerikusia duten gai bat hautatzen dugu. Ondoren, hiru urtetik Lehen Hezkuntzako 6. maila bitarteko ikasleek gaia lantzen dute. Azalpen testu bat eta eskulan bat egiten dituzte. Bukatzeko, lanen aukeraketa egiten dugu eta materiala inprentara bidaltzen dugu. Egutegiko hilabete bakoitzean lan bat azaltzen da».
Gainontzeko ikasle guztien lanak ere saritzen dituzte, noski: lan guztiak ikusgai jartzen dituzte, urte batean Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan eta hurrengoan Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa aretoan. Aurten Urretxun tokatzen da.
Aurtengo egutegia berezia da, 25.a baita. «Aurten ez dugu gai bat aukeratu. Aurreko urteetan egindako hamabi lan aukeratu ditugu: bat hilabeteko. Egutegian aurreko egutegi guztien azalak jasotzen ere saiatu gara. Lehenengo biak (1998koa eta 1999koa) ezin izan ditugu jarri, ez baititugu aurkitu. Gainontzeko guztiak gordeta genituen. Izan ere, hasi ginenean ez genekien egitasmoak nolako indarra hartuko zuen. Denborarekin, eskolako egitasmo garrantzitsuetako bat bilakatu da», aipatu du.
Aurtengo egutegiko urtarrileko gaia euskara da; otsailekoa, euskal jolasak; martxokoa, euskal musika tresnak eta abestiak; apirilekoa, mitologia; maiatzekoa, Euskal Herriko mendiak; ekainekoa, herri kirolak; uztailekoa, jaiak; abuztukoa, elikagaiak; irailekoa, basoetako animaliak; urrikoa, artisauak; azarokoa, euskal dantzak; eta abendukoa, baserria. Urteroko moduan, hilabete bakoitzean gaiaren inguruko azalpen testu labur bat eta hari lotutako eskulan baten argazkia txertatu dituzte.
Ikasleek ikasturteko lehen bi asteak egutegirako testuak eta eskulanak egiteko baliatzen dituzte. «Ikasleek taldeka lan egiten dute. Gaiaren inguruko informazioa bilatu behar dute, azalpen testua idatzi, eskulana egin… Egutegiko lanak egitera bideratzen ditugun lehen bi aste horiek egokitzapen garai bezala erabiltzen ditugu. Eskola arruntak bi aste horien ondoren hasten ditugu, Urretxuko jaiak bukatzen direnean».
Egutegirako egiten duten lanari esker, ikasleek euskal kultura eta euskara hobeto ezagutu dituzte. «Baserriak, kirolak, jaiak… ezagutu dituzte», dio Etxanizek.
Euskal kulturaren eta euskararen transmisioa bultzatzeaz gain, egutegia etxe askotan ezinbesteko bilakatzea lortu dute. «Ia mila argitaratzen ditugu. Ikastetxeko familia guztiei ale bana ematen diegu. Horretaz gain, herriko eragileei ere ale bana ematen diegu. Gainontzekoak, salgai jartzen ditugu. Izan ere, ikasleen aitona-amonei ere Gainzuriko egutegia etxean edukitzea gustatzen zaie», azaldu du zuzendariak.
Ikasleentzat oso pozgarria da beraiek egindako egutegia etxeetan eta toki publikoetan ikustea. «Egutegia toki askotan ikusten dugu: kiroldegian, udaletxean… Zuhatzara txangoa egiteko ohitura dugu eta han ere beti jartzen dute», gaineratu du.
Egutegia bihar irekiko duten erakusketan ere egongo da, noski. «Ostiral arratsaldean irekiko dugu. Hilaren 22a arte egongo dira ikusgai Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara. Erakusketan, ikasleek egindako eskulanez gain, egutegiko gaiekin zerikusia duen materiala jarriko dugu. Herritar guztiak daude gonbidatuta».