Otsoategi baserrian, lau mende bidaiatzera
Lazkaotik Olaberriarako errepidearen ertzean, laurehun urte darama Otsoategi baserriak herritarren joan-etorriak ikusiz. Baina ezezaguna da haren historia. Igandean, bisita gidatua egingo dute olaberritarrek.
Olaberriko lurretan, Lazkaoko kaletik hurbil dago Otsoategi baserria, Errekalde auzoan. Argazkia: Aimar Maiz Olaberriko ondarea ezagutzeko ezohiko aukera izango da, igande honetan. Udalaren Ingurumen Batzordeak eta Olaberriko Herri Eskolak antolatuta, Otsoategi antzinako baserria ezagutzeko bisita gidatua egingo dute. Igandean 10:30ean udaletxe aurrean elkartuko dira, handik oinez jaitsiko dira Errekalde auzoko baserrira, eta han Oihane Mendizabal Sandonisek emango dizkie azalpenak.
Eskolak eta udalak aurreko urteetan hainbat jarduera egin dituzte elkarlanean, eta ikasturte honetarako ere beste batzuk pentsatuta dauzkate. Otsoategi baserriak «barrutik duen edertasuna» ezagutzeko aukera eskainiko dute, horien artean.
Dolaretxea izana
Oin zabala, egitura patxadatsua eta etxaurrean armarria dauzka Otsoategik. Lazkaotik Olaberrirako GI-3560 errepidearen ezker ertzean, Errekaldeko bailararen gainbegirale kokapen ezin hobea du.
Itxuraz ezezik, historiaz ere oparoa da. Mendizabalek, hain justu, Historia karrerako gradu amaierako lana Otsoategiri buruz egin zuen. Familia-loturak ere baditu baserriarekin. Ikerlanaren laburpen bat eskainiko die bertaratzen diren bisitariei.
Olaberriko baserri zaharrenetarikoa da Otsoategi. 1610eko agiri batean agertzen da lehen aipamena. Lau mendean zehar, nekazaritza lanak eta harekin lotutako ekoizpen jarduerek izan dituzten aldaketen lekuko da. «Baserriak erakusten digu euskal nortasunaren eta bestelako kultura-balioen igorle garrantzitsuak izan direla», dio ikerlariak.
Dolarea zeukan baserrian barruan jatorrian, eta haren arabera eraiki zuten zurezko egitura. Otsoa familiarena zen. XVII. mendearen erdian, Arteaga familiak eraldatu zuen; armarria jartzeaz gain, harrizko hormekin sendotu zuten oinetxea. XX. mendeko aldaketen ezaugarriak ere emango ditu Mendizabalek.
BISITA GIDATUA
OTSOATEGI BASERRIRA
- Ekimena. ‘Otsoategi baserria. Olaberriko historiaren lekuko. Euskal nortasuna, kultura eta landa eremua’ bisita gidatua.
- Eguna. Igandea, urtarrilak 15.
- Ordua. 10:30ean Olaberriko udaletxe aurrean elkartuta, oinez baserrira. 11:30ean, mokadutxoa.
- Gidaria. Oihane Mendizabal
- Antolatzaileak. Olaberriko Udala eta herriko eskola.
ARO HISTORIKOAK
- 1.fasea. Sorreratik 1642ra arte. Otsoa familiarena. Sagardoa egiteko dolarea. Zurezko egitura.
- 2. XVII. erditik XX. hasierara. Arteaga leinuarena. Harrizkoa.
- 3. 1950 arte. Beheko solairua bizitzatarako, leiho gehiagorekin.
- 4. 1940-50etik gaur arte. Egungo bizimoduaren erosotasunerako egokitzapenak. Hormigoia.













