Belodromo berria Beasainen eraikitzea «estrategikoa» dela esan du Artolak
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko lehendakari Santi Osorok esandakoa baieztatu du Leire Artolak, eta Beasainen horrelako azpiegitura bat jartzea "posible egiten duten tokiak" daudela.
Santi Osoro Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko lehendakariak esan du, belodromo berri bat eraikitzeko kokapena izan daitekeela Beasain, eta tokiko udalarekin, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan daudela proiektua bideragarria den aztertu eta aurrera eramateko finantzaketa lortzeko.
Leire Artola Beasaingo alkateak ere baieztatu du informazio hori. Alkateak adierazi du «duela urte batzuk hasitako bidea» dela. Gaineratu du, Beasain dela «kokapen egoki bat», herriarentzat eta lurraldearentzat «estrategikoa» deritzo, Beasainen horrelako azpiegitura bat jartzea «posible egiten duten tokiak» daudela eta txirrindularitza sustatzea dakarrenez «gure babesa» dutela.