Gaur estreinatuko den 'Hobe ixilik' antzezlana, hilaren 20an Ordizian
Antzerki Garaia zikloko bigarren emanaldia izango da, lehenengoa Ordizian. Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 12:00etan, Kutxabanken bidez.
Gaur arratsaldean, Txalo Produkzioak-en Hobe ixilik! antzezlana estreinatuko da Hondarribian. Goierrin laster izango da ikusgai, urtarrilaren 20an, hurrengo ostiralean, Ordizian eskainiko baitute, Antzerki Garaia zikloaren barruan. Ramon Agirrek eta Itziar Ituñok antzezten dute lana. Agirrek euskaratu eta egokitu du Salome Lelouche-ren Fallait pas le dire! jatorrizko antzezlana. Begoña Bilbao da zuzendaria.
Beasaingo eta Ordiziako Udalek antolatzen duten Antzerki Garaia gaur hasiko da, Beasainen. Sagastitarrak antzezlana eskainiko dute Usurbe Antzokian, 20:30ean. Hobe ixilik, hala, zikloko bigarren emanaldia izango da, eta Ordizian egingo den lehena. 20:30ean izango da, Herri Antzokian. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, 12:00etatik aurrera, Kutxabanken bidez. Herri Antzokiko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira, astelehenean, 17:00etatik 19:00etara, eta asteartean, 11:00etatik 13:00etara.
Maitasun harreman batean oinarrituta, gai ezberdinak jorratzen dituzte antzezlanean, tartean, aldaketa klimatikoa, Me Too mugimendua edota amatasuna. Batek zerbait esan, eta besteak kontra egingo dio. Gai berarekin, argudio mota ezberdinak mahaigaineratuko dituzte. Adierazpen askatasuna, esateko beldurrak eta kontraesanak agertuko dira.