Goierriko sagardogileak aurtengo uztaz
Goierriko bost dolare-sagardotegien arduradunek aurtengo uztari eta sagar ezari buruz hitz egiten dute.
DEMETRIO TERRADILLOS. URBITARTE (ATAUN)
«Kolorez kargatua, usaintsua eta oso alkoholduna dator»
«Uzta motza izan da, eta oso sagar gutxi, hirutik bat soilik. Halako urte eskasik ez dut nik ezagutu Goierrin. Baina izan dena ona atera da, alkohol gradu askorekin etorri da, oso-oso altu. Horrek ez du esan nahi zaporez fuerteagoa izango denik. Kolorez kargatuagoa bai, usaintsua, eta tanino askokoa. Nire iritzia da uztarik ez daukagunean sagardo gutxiago egitea, eta hala egin dugu. Kanpoko sagarra ere ez da guk nahi bezalakoa etorri».
JOSE ANTONIO OLANO. OLAGI (ALTZAGA)
«Patroi txikiko sagarrondoak emaileak dira»
«Gu urte guztian gaude irekita, eta sagardoarekin aste honetan hasteko asmoa dugu. Sagarra etxean dezente daukagu. Sagasti batzuek huts egin didate, baina patroi txikiko sagarrondoak emaileak eta gazteak dira, eta urtero jasotzen dut dezente. Errezilak failatu du aurten, baina txalakak, udareak eta barietate gaxiak badaude. Kolorea aurten dezentea dakar».
IÑAKI BEGIRISTAIN. BEGIRISTAIN (LEGORRETA)
«Gehien bat bertako sagarrarekin egin ahal izan dugu guk»
«Ohi bezala, abendutik zabalik dugu eta ondo hasi gara lanean. Iaz dena bertako sagarrarekin egin genuen, aurten ezin izan da. Hala ere, gehien bat bertakoarekin egin ahal izan dugu guk. Idiazabalen, baserri batek daukan sagasti handiak ezurtean sagar asko izaten duen zortea daukagu, eta 60 tona handik izan dugu; Euskal Sagardoa behar adina egiteko, arazorik ez».
AITOR ESNAOLA. TXIMISTA (ORDIZIA)
«Lehorteak eragin dio sagardoari: izaera gogorragoa»
«Normaltasunera itzuli garen denboraldia izango da, eta lana egiteko gogoarekin. Lehen sagardoak azkar etorri ziren, eta martxan daukagu. Lehorteak eragin dio sagardoari ere, sagarra ere zuku gutxikoa, lehorra baitzen. Baina tanino gehiago du, izaera gogorragoa. Alde positiboak dira, taninoak laguntzen diolako sagardoari. Kupel bakoitzean desberdina edateko aukera ematea gustatzen zaigu».
HARITZ EGUREN. OIHARTE (ZERAIN)
«Erregadioarena konpondu beharreko gaia da»
«Sagar uztak huts egin du. Euskal Sagardoari begira jarrita gaude, baina aurten ezinezkoa izan da bertakoarekin soilik. Bi kalte izan ditugu: ekainaren 3ko harria eta lehorra, okerrena. Denborarekin, konpondu beharreko gaia da erregadio edo tanta-ureztapenarena, bertako sagarra sortzea oso garrantzitsua baiteritzogu. Iazko ekoizpenaren erdia pasatxo egingo genuen, urtea salbatzeko adina».