Norbere burua aurkari bihurtuta
Maria Izquierdo 5 urte zituenetik aritzen da arte martzialetan. Hasieran, mutil eta neska kopurua bertsua zen, baina, adinean gora egin ahala, ia bakarrik gelditu da emakumezkoen artean. Beretzat hori ez dela arazo dio, kung-fuan edonork duela tokia.
Maria Izquierdo “txiki-txikitan” hasi zen arte martzialak praktikatzen, 5 urterekin. “Gurasoen lagun baten bitartez hasi nintzen, hemen, Lorea gimnasioan, Beasainen”, gogoratu du. Tai txiarekin hasi zen, eta wushu edo kung-fura egin zuen jauzia gero. Hasiera hartan, taldean “bospasei neska” zirela zenbatu du, eta zehaztu du mutilak “zertxobait gehiago” zirela. “Baina ez zegoen alde handirik”. Egun ere gauza bera gertatzen dela esan du. Izquierdoren hitzetan, haurren artean, generoari dagokionez, kopuruetan ez da alde handirik izaten, baina adinean gora egitean, “gizonezkoak luzaroago aritzen direnez”, diferentziak nabarmendu egiten dira.
“Ez nuke esango emakumezkook adinagatik uzten dugunik. Kirola baino gehiago, bizitzako beste alor batzuk lehenesten ditugu”, hausnartu du Izquierdok. Hark ere utzi zuen kung-fua, 16 urterekin, kanpora ikastera joandakoan. “Gimnasiora etortzeari utzi nion, baina sekula ez nuen ahaztu”, ohartarazi du. Itzultzeko gogoa are gehiago handitu zitzaion semeak arte martzialetan hasi zirenean. “Entrenamenduak ikustera joaten nintzen, eta inbidiaz begiratzen nien albo batetik. Txemari [Txema Jimenez, Loreako shi fua edo maisua] galdetu nion ea niretzako moduko talderik bazuen, itzultzeko, eta arantza ateratzeko balio izan zidan”.
Izquierdok onartu du ez direla asko itzultzen. Ondorioz, normalean zailtasunak izaten dituzte helduen kategorian emakumezkoez soilik osatutako taldeak egiteko. Maiatzean Valentzian [Herrialde Katalanak] jokatutako Espainiako Txapelketan, esaterako, gizonezkoekin lehiatu behar izan zuen Izquierdok. Urrezko domina irabazi zuen.
Kung-fu liga sortuta
Beasaingo lehen kung-fu ligan ere nahastuta aritu berri dira emakumezkoak zein gizonezkoak. Abenduan jokatu zuten azken jardunaldia, eta laurogei borrokalari baino gehiago lehiatu ziren. Izquierdorentzat hori ez da arazoa, “nork bere buruaren aurka edo pisu bertsuko aurkari baten aurka” jokatzen duelako beti.
Bi modalitatetan banatzen dituzte txapelketak. Alde batetik, talou edo formak. Banaka edo buruz buru, antzeztu egiten dute borroka, esku huska zein elementuekin. Formen zuzentasuna, geometria, koreografiaren aniztasuna… baloratzen dizkiete epaileek. Puntu gehien pilatzen duena izaten da txapeldun. Bestetik, sanda edo borroka ere badago. Hezur-haragizko aurkaria menderatzean datza. Modalitate bakoitza adinaren eta pisuaren araberako mailetan banatzen dute beti.
Izquierdoren hitzetan, generoaren arabera “adar batera edo bestera” jotzen dute normalean. Ohikoagoa izaten da emakumezkoak talou modalitatean lehiatzea eta gizonezkoak, sandan. “Heldu garaian etortzen diren gehienak gizonezkoak izaten dira, eta borroka egin nahi izaten dute horiek”, zehaztu du.
Izquierdok aipatu du gizarteak uste okerra duela arte martzialen inguruan. “Borroka baino gehiago, osasuna da wushua. Gorputzeko atal guztiak lantzen ditugu, burua barne”, azaldu du. “Kontzentrazioa, pazientzia, armonia…” lantzen dituztela gaineratu du. Baita errespetua ere. “Oinarrizkoa da hori. Horri esker, hemen denok dugu tokia, sexuaren, pisuaren edo adinaren araberako diskriminaziorik gabe”. Beasaingo Lorea gimnasioan 130 lagun inguru elkartzen dira astero, adin ezberdinetakoak, askotariko arte martzialak egiteko.
Guztien buru shi fu figura dago, maisua. Emakumezkoek lehenago uzten dutenez, maisu titulua eskuratzeko zailtasun handiagoa izaten dute. Ondorioz, emakumezko erreferenteak falta dituzte. “Baina horrek ez dut uste eraginik duenik”, kendu dio garrantzia Izquierdok. “Nik gehiago baloratzen dut ikasleekin duen tratua, gizonezkoa edo emakumezkoa den baino”.