«Tourraren parametro guztiak betetzen ditu Goierrik»
Frantziako Tourra Goierritik igaroko den urtean, bertako etapak diseinatu dituen Joseba Beloki (Lazkao, 1973) gonbidatu du Goiturrek sagardotegien txotx sasoirako. Aitonaren sorlekuan izan du ohore hori.
Sagardozalea al zara?
Sagardozalea bai, gustatzen zait, baina aditua ez naiz. Edatea gustatzen zait. Noizbehinka joaten gara sagardotegira, bai hona etorrita, edo bai Gasteizko lagun batzuek Trebiñu parean badaukate sagardotegira joanda. Oso gustura egoten gara giro aldetik.
Aitona nongoa zenuen, bada?
Ergoenekoa, Ataungo San Gregorio auzoan. Seguru ez dakit zein etxetakoa zen, baina hemengoa zen. Juan Dorronsoro zuen izena. Niretzat oso pozgarria da Goierriko txotx denboraldia zabaltzeko deia jasotzea, etxeko produktua izanda. Guk daukaguna atera behar dugu, aireratu, eta jendeak ikus dezala.
Tourrari dagokionez, zu omen zara Goierritik pasatzearen ‘erruduna’?
Beno, hiru txirrindulari ohi ibili gara etapak diseinatzen, eta gurekin batera koordinatzen zuen jende guztia. Hiru etapa horietan lanean aritu gara, eta nik uste oso politak geratu direla. Niretzat aukera berezia zen, ahal baldin banuen, behintzat, Goierritik pasatzea nahi nuelako. Gasteiztik irtenda, gainera. Goierritik pasatzeak zeukan xarma defendatu dut. Gasteiz-Donostia elkarlanean, hemendik pasatzea, niretzat berezia da. Etapa oso polita gelditu da, Donostiako helmuga polita baita.
Hasierako etapek, ikusgarritasunetik harago, ez dute kirol arloan zeresan handirik. Zer bilatu duzue Euskal Herriko hiru etapetan?
Gehien bat, teknikoki behar dena da bi puntu lotzea, irteera eta helmuga alegia. Zentzu horretan, Tourrak nahi zuen etapa hauek izan dezatela Euskal Herriko Itzuliak daukan xarma eta berezitasuna: ibilbideak gora eta behera, gora eta behera. Gasteiztik atera, Arrasate partea pasatu, baina segituan Aztiritik zerran sartzen gara; Segurara jaitsiko dira, ondoren Larraitz, Alkiza… Hemen daukagun orografia defendatzea izan da gure lana. Ez zatekeen normala autobidean sartu eta Donostiara joatea. Goierriko etaparekin Tourrak nahi zituen parametro guztiak betetzen dira, eta horrez gain xarma berezia du etxetik pasatzeak.
Danimarkako iazko Irteera Handiak eduki duen ondorena aipatu duzu. Euskal Herrian ere irtengo da jendea ikustera.
Danimarkan sekulako jende pila atera zen bide bazterrera, eta harrituta utzi du mundu guztia. Euskal Herrian ere jende asko egongo da errepide ertzean, baina ulertzen duen afizionatua irtengo da. Nik ez dut esango munduan dagoen afiziorik onena dela hemengoa, zeren Belgikan ere badaude, Italian… Afizio desberdinak dira, eta bakoitzak dauka bere izendapena. Baina aldarrikatzeko momentuan gaude, eta gure afizioa aurrera ateratzeko ere bai. Konparaketa horretan bai, hemengoa Danimarkako afizioa baino askoz hobea izango da.