Zazpi dantzari legazpiar bihar abiatuko den aurresku txapelketan
Legazpin abiatuko da bihar Gazteen Gipuzkoar erako Aurresku Txapelketaren bosgarren edizioa, eta bertan izango dira Sustraiak dantza taldeko hainbat dantzari. Latxartegi aretoan izango da hitzordua, 16:30ean.
Txapelketa hiru ataletan dago banatuta, partaideen adinaren arabera. Biharko saioan, Legazpiko Araitz Berasategi, Irune Azpeitia, Maria Sanchez, Jon Alberdi eta June Osinalde arituko dira lehian B sailean (11-14 urte) beste hamaika dantzarirekin batera. Nora Escuderok ere parte hartuko du txapelketan B sailean, baina ez zaio egokitu Legazpin dantza egitea.
A saileko (7-10 urte) Araitz Mantxola eta Nora Lafuente ere izango dira saioan, baina ez dira oraindik lehian sartuko. D saileko beste hamabost dantzarik ere parte hartuko dute.
Legazpiarrak dira Goierriko ordezkari bakarrak aurresku txapelketa honetan. Denera 64 dantzarik parte hartuko dute. Gehienak gipuzkoarrak dira, baina badira nafar batzuk ere.
Goiz Deiaren laguntza
Biharko saioa Sustraiak dantza taldeak antolatu du, Legazpiko Udalarekin batera, eta ohi bezala, Goiz Deia txistulari bandaren laguntza izango du.
Txistulariek musika jarriko diete dantza saioei. A sailekoek Ormatxulo eta Agurra dantzatuko dituzte. B sailekoek Hondarribi handia eta Zortzikoa. Eta D sailekoek, Betronio handia eta Aurkez aurke edo Desafioa. Epaimahaia Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko kideek osatuko dute.
Finaletako bat, Legazpin
Txapelketa ligaska erara jokatuko da, eta bihar hasiko da B eta D sailekoena. A sailekoek erakustaldiak egingo dituzte eta finalean guztiek parte hartuko dute, maiatzaren 14an, Errenterian. Egun eta toki berean jokatuko da B saileko finala, eta D sailekoa Legazpin izango da bezperan, maiatzaren 13an.