Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 22. edizio aurkeztu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoan izan da aurkezpena gaur goizean. Joseba Izagirre Zegamako alkateak, Alberto Aierbe lasterketako zuzendari teknikoak eta Iker Goiria turismo zuzendariak hartu dute parte bertan.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 22. edizioaren eta Kilometro Bertikala eta Junior Trail proben aurkezpena egin dute gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian. Kilometro Bertikala maiatzaren 12an egingo da eta maratoia eta Junior Trail-a maiatzaren 14an. Proben alderdi teknikoez eta humanoez hitz egin dute bertan.
Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendariak hartu du hitza lehenengo. Aitortu du Zegama-Aizkorri “proba kuttuna” dela aldundiarentzat eta etorkizunean ere “babesten” jarraituko dutela azpimarratu du. Kirol ikuspegitik ez ezik, turismoarenetik ere probak duen garrantzia nabarmendu du: “Barnealdeko turismoa sustatzeko baliabide garrantzitsua da”.
Joseba Izagirre Zegamako alkateak probaren kutsu herrikoia nabarmendu du, “herritarren laguntzarik gabe maratoia egitea ez litzakeela posible izango” azpimarratuz. 2002an lehenengoz egin zenetik “herria izan du oinarri eta herria du helburu” Zegama-Aizkorrik. Horregatik, “ia galtzear dauden hainbat balore balioan jarri nahi ditugu guk: auzo lana, parte hartzea eta sakrifizioa”, aipatu ditu besteren artean.
Lasterketaren alde teknikoa
Alberto Aierbe, Zegama-Aizkorriko zuzendari teknikoak probaren inguruko xehetasunak azaldu ditu. Ibilbideari dagokionez, aurten ez da berrikuntzarik izango.
Aurre izen-emateak irekitzear:
- XXII. Zegama-Aizkorri mendi maratoia: urtarrilaren 16tik 26ra. (500 dortsal)
- IX. Kilometro Bertikala: urtarrilaren 30etik otsailaren 9ra.
- Junior Trail: urtarrilaren 30etik aurrera, 100 partaideren muga bete arte. (16 eta 18 urteko neska-mutilak)
Aurre izen-emateak Rock the Sport web gunearen bitartez egingo dira.
- Dortsalen zozketak: otsailaren 24an. Bai maratoirako, baita Kilometro Bertikala probarako.
Maratoian 500 dortsaletatik 225 zozkatuko dira —200 gizonezkoen artean, 25 emakumezkoenean—. Gainontzeko 225ak iazko proban denborarik onena egin zutenen artean banatuko dira, ohi bezala.
Aipatzekoak
Guztira 500 boluntario inguru arituko dira aurten ere probaren antolaketa lanetan, “nahiz eta eskaera ia maratoikoa gainditzen duen”, esan du Aierbek. Gainontzean, iaz lau kanal ezberdinetatik zuzenean jarraitu ahal izan zela Zegama-Aizkorri maratoia gogorarazi du: “ETB, TV3 (Herrialde Katalanak), TeleDeporte (Espainia) eta Youtube-ko hainbat kanaletan, eta 900.000 lagunetara iritsi zen”. Lau hizkuntzatan euskaraz, katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez egin zen zuzeneko emankizuna. “Harro” egoteko datuak direla eta aurten ere errepikatzen saiatuko direla aipatuz amaitu du.