Bealak taldeak lasterketez beteriko urtea hasi du
Urteko batzar orokorra egin dute gaur goizean, eta datozen hilabeteetarako lanak zehaztu dituzte. Taldera gazteak erakartzea da erronka nagusia.
Urteko batzar orokorra egin du gaur goizean Beasaingo lasterkari herrikoiak biltzen dituen Bealak elkarteak bere egoitzan. Hogei inguru kideren artean, iazko balantzea egin, diru kontuak kitatu, eta aurtengo lanak zehaztu dituzte.
Zuzendaritza taldeko Mikel Mujikak, Udete Justok eta Mikel Lorenzok gidatu dute bilera. Aurtengo proiektuen artean, iaz pandemiagatik iaz egin ezin izan ziren taldeko irteerak berreskuratzea proposatu dute, eta bertaratutako guztien artean besteak beste, Orreagako (Nafarroa) lasterketa, eta Iruñeko harresiko lasterketak proposatu dituzte. Astea Santua amaitutakoan urteroko bazkaria egitea ere aipatu dute.
Bileraren amaieran, taldeko argazkia atera dute.
Gazteak, erronka nagusia
Bestalde, gazteak erakartzeko erronkarekin ekingo diote aurtengo urteari Bealaken. Mikel Mujikak zehaztu duenez, “herrian jende gazte asko ikusten duzu korrika egiten, baina ez dira gure taldera hurbiltzen, eta horrek pena ematen dit”. Bealakeko kide izateko 100 euroko sarrera egitea eta urtean 35 euroko kuota ordaintzea eskatzen da, eta horrez gain, urtean zehar Beasainen antolatzen diren lasterketetako bitan laguntzea. Trukean, taldearen babesa eta hiru urtean behin aldatzen den ekipazioa jasotzen dute kideek.
Mendian edo asfaltoan korrika egiten duten lasterkariek osatzen dute taldea. Une honetan 59 dira, gizon zein emakume. Beasaindarrak dira gehienak, baina inguruko korrikalariak ere badira.
Bealakek bi lasterketa antolatzen ditu urtean zehar. Beasaingo Herri Lasterketa da bat, eta Arriarango elkartearekin batera antolatzen duten Arriarango mendi lasterketa da bestea, Xabi Mendizabalen oroimenekoa. Horrez gain, Ehunmilak, Arriarango Duatloia eta San Silvestre lasterketen antolatzaileekin konpromisoa dute elkarri laguntzeko.
Bazkideen kuotaz gain, udala da taldearen finantziazio iturri nagusia, baina baditu hainbat laguntzaile ere: Orkli, Gariona okindegiak eta Rodriguez Garraioak.