Ihintza Erauskinek eta Danel Castillok irabazi dute Gipuzkoako aurresku txapelketako lehen kanporaketa
Legazpin jokatu da ligaxkako lehen jardunaldia. Guztira 32 dantzarik parte hartu dute.
Lezoko Ihintza Erauskinek eta Pasai Donibaneko Danel Castillok irabazi dute Gipuzkoar erako gazteen aurresku txapelketako lehen kanporaketa, D sailean (14-15 urte) eta B sailean (11-14 urte ) hurrenez hurren, Legazpiko Latxartegi aretoan. Sustraiak dantza taldeak Legazpiko Udalarekin batera antolatutako dantza jardunaldia izan da, eta guztira 32 dantzarik parte hartu dute, tartean zazpi legazpiar izan direla.
Goiz Deia txistulari taldea arduratu da dantzarien jardunari musika jartzeaz, eta Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko kideek osatu dute epai-mahaia. Amaia Azpeitia arduratu da saioa aurkezteaz.
32 dantzarien jarduna
Aurtengo aurresku txapelketari hasiera eman dion kanporaketa Legazpiko Latxartegi aretoan jokatu da, 16:30ean hasita. D saileko 12 dantzariak izan dira parte hartzen lehenak, eta horien artean Lezoko Ihintza Erauskin izan da garailea. Bigarren postuan Andoaingo Irati Larrañaga eta hirugarrenean Zizurkilgo Lide Sarasola sailkatu dira.
B saileko 16 dantzarien txanda iritsi da ondoren, eta sail horretako irabazlea Pasai Donibaneko Danel Castillo izan da. Bigarrena, Lizartzako Onditz Larrañaga izan da, eta hirugarrena Asteasuko Julen Lertxundi. B sailean Legazpiko Araitz Berasategik, Maria Sanchezek, Irune Azpeitiak, Jon Alberdik eta June Osinaldek ere parte hartu dute, eta Maria Sanchezek jaso du legazpiar onenaren saria.
A sailean (7-10 urte) Sustraiak taldeko Araitz Mantxola eta Nora Lafuente ere ari dira parte hartzen txapelketa honetan, baina besteek bezala finalerako txartela gaur hasi den ligaxkan lortu beharrean, zuzeneko pasea dute, eta gaur erakustaldia besterik ez dute egin. A sailekoen final hori maiatzaren 14an jokatuko da Errenterian, B sailekoen finalarekin batera, eta D sailekoa Legazpin jokatuko da bezperan, maiatzaren 13an.
Dantza saio guztiak amaitutakoan, sariak banatzeari ekin diote, Koldobike Olabide alkatearen eta Sustraiak dantza taldeko kide den Agurtzane Gabiriaren laguntzarekin. Amaieran, Erauskin eta Castillo irabazleek Aurreskua dantzatu dute elkarrekin, eta partaide guztiek taldeko argazkia atera dute.