Legazpiko herriak aitortza egin die biktima guztiei eta Elkargunea eskaini die
Herriko hainbat kultur eragilek ekitaldi xume eta hunkigarri bat eskaini zuten. Mirandaola parkean sortu dute Elkargunea, biktimei eskainita.
Legazpiko biktima guztiek aitortza jaso zuten atzo, Bizikidetzarako Herritar Foroak antolatutako ekitaldian. Udaleko Bizikidetza Mahaiaren eskariz antolatutako aitortza ekitaldia izan zen, eta Latxartegi aretoan gauzatu zen, iluntzean. Bertan lekua izan zuten giza eskubideen urraketen biktima guztiek eta motibazio politikoko indarkeriak eragindako bestelako sufrimenduen biktima guztiek, baita euren familiek ere.
Ekitaldi xumea eta laburra izan zen, baita hunkigarria ere. Maria Redondo eta Mikele Arizkorreta abeslariek gidatuta, herriko kulturgintzako beste eragile batzuek parte hartu zuten, hala nola, Korosti eta Sustraiak dantza taldeetako kideek, Jesus Castillejo eta Noel Calvo musikariek eta Suttanttakun txalapartariek. Bizikidetzarako Herritar Foroko kideek ere parte hartu zuten.
Latxartegin herritar ugari bildu zen ekitaldi honetarako, eta bertan izan ziren, baita ere, udal agintari guztiak.
Aitortzaren premia
Udaleko Bizikidetza Mahaiaren barruan sortu zen herriko biktimei aitortza egiteko proiektua, eta duela urte bete bere burua ezagutzera eman zuen Bizikidetzarako Herritar Foroari eskatu zion ekitaldi bat antolatzeko. Bi taldeek denbora daramate lanean herriko biktima desberdinen inguruan, eta bakoitzak bidea bere aldetik egin badu ere, biek garbi ikusi dute indarkeria politikoak eragindako giza eskubideen urraketen eta beste sufrimendu mota batzuen atzean pertsonak daudela.
Pertsona horiei lekua emateko eta sentitu duten edo sentitzen duten mina aitortzeko helburuarekin egin zen atzoko ekitaldia.
Elkargunea Mirandaolan
Aitortzaz gain, Elkargunea deritzan espazioa ere eskaini die biktimei Herritar Foroak, Mirandaola parkean. Harrizko zortzi bankuz eta babesa ematen dieten beste hainbeste zuhaitzez osatutako gune borobil bat da.
Bizitza eman nahi diote orain, eta proposamenak egiteko gonbidapena luzatu diete herriko eragileei, “esberdinen arteko errespetua eta enpatia sustatzeko beharrari eta bizikidetza sustatzeko nahiari jarraituz”, horixe baita “adiskidetze-prozesu zintzoari” heltzeko modu bakarra.