Otsoategi baserria Olaberriako historiaren lekuko
Olaberriko Errekalde auzoko Otsoategi baserrian bisita gidatua egin dute, bertako eta inguruko historia eta bilakaera ezagutze aldera. Jende asko gerturatu da bertara eta bisitariek oso interesgarri gisa baloratu dute bisita.
Otsoategi baserria Olaberriako Errekalde auzoan dago eta gaurkoan hau ezagutzeko bisita gidatua egin dute. “Otsoategi baserria. Olaberriako historiaren lekuko” izenburupean egin dute bisita eta 50 pertsona inguru elkartu dira bertan. Oihane Mendizabal Sandonis izan dute gidari gaurkoan. Mendizabal historialaria da eta gradu amaierako lana egitean Otsoategi Baserriaren inguruko ikerketa egin zuen, familiakoa baitu baserria. Beraz, ikerketa horretan lortutako emaitzak bisita formatura ekarri ditu. Euskal nortasuna, kultura eta landa eremua uztartuz eginiko bisita izan da, guztia Otsoategi baserriarekin harremanean.
Otsoategi baserriaren historia
Ikerketan Oihane Mendizabalek 4 fase nagusitan banatu du Otsoategi baserriaren historia. Lehenengo fasea sorreratik, hau da, 1610etik 1642ra bitartekoa. Ochoa familiaren jabetzako baserria zen eta egurrezko egitura zen nagusi. Bigarren faseari dagokionean, Arteaga familiak hartu zuen Otsoategi baserria eta egungo egiturara gehiago hurbilduz, XVII.mende erdialdetik XX.mende hasierara bitartean harlangaitzeko hormak egin zituzten eta egun baserriaren kanpoko horman dagoen armarria jarri zuten. Hirugarren fasea, berriz, XX.mende hasieratik 1950eko hamarkada artekoa da eta bertan, lehioen zein ateen antolaketa aldatu zuten, behar berrietara egokitzeko asmoz. Laugarren eta azken fasea 1940ko hamarkadatik gaur egunerartekoa da, hormigoia erabiltzen hasi ziren etxearen egiturarako. Nahiz eta baserria garaira egokitzen joan diren une oro, ahalik eta antolaketa, egitura zein material zaharrenak kontserbatzeko hautua egin dute, ahal den neurrian.
Bisita
Bisita baserriko atarian hasi da, kanpoko itxurari erreparatuz eta historiaren kontakizunarekin hasiz. Ondoren, atzeko aldera joan dira beste zenbait material, antolaketa mota eta bitxikeria ezagutzeko asmoz. Jarraian barrura sartu dira bisitariak eta bertan, lanabes desberdinak, material desberdin ugari eta altxor gisara kontserbatutako tresnak ikusi ahal izan dituzte. Amaitzeko, hamaiketakoa egiteko tartea hartu dute bisitariek. Orokorrean oso balorazio positiboa egin dute guztiek eta ‘oso interesgarria’ iruditu zaiela adierazi dute.