Ia bi milioi euroko aurrekontua nola banatuko duten azaldu du udal gobernuko taldeak
Legazpiko udal aurrekontua 11.936.347 eurokoa da, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioekin onartu zen abenduan. Gizarte arretarena da aurreikusitako gasturik handiena.
Legazpiko Udalak aurtengo urteari aurre egiteko izango duen ia bi milioi euroko aurrekontuaren xehetasunak azaldu zituen atzo goizean udal gobernu taldeak, udaletxean egindako agerraldi batean. Diru kopuru hori ataletan, partidetan eta programetan nola banatzen den azaldu zuten Koldobike Olabide alkateak, eta Maite Lonbide, Erik Galvez eta Iñigo Imaz zinegotziek.
Aurtengo udal aurrekontua 11.936.347 eurokoa izango da, eta abenduko udalbatzan EAJren eta PSE-EEren aldeko zazpi botoekin eta EH Bilduren bost abstentzioekin onartu zen.
Egoera ekonomiko ona
Udalaren egoera ekonomikoa “ona” da urteari ekiteko, eta horren adierazleak defizita, zorra eta likidezia dira. Hala, 0 defizita du, eta iazko ekitaldia 131.817 superabitarekin amaituko du. Zorra, berriz, %9,31koa da sarrera arrunten zenbatekoa kontuan hartuta, eta, azkenik likidezia 14 egunekoa da.
Horren guztiaren aurrean, Legazpiko Udalak “finantza orekatuak eta jasangarriak” dituela nabarmendu zuen alkateak.
Diru sarreren atala nola banatzen den azaldu zuen ondoren, eta zehaztu zuenez, %64,1 Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak egindako transferentzietatik iritsiko zaio udalari, %20,4 zerga zuzenetatik eta gainerakoa, zerga ez zuzenetatik eta ondare sarreretatik.
Udalaren gastuak, atalez atal
Gastuen atalaren berri eman zuen jarraian alkateak, eta aurtengo ekitaldirako aurreikusitako 11.936.347 euroetatik %45,7 kontratuak ordaintzeko izango direla zehaztu zuen; beste %33,4 langileak ordaintzeko, %12,8 laguntzetarako, eta %6 inbertsioetarako izango dira.
Bestalde, gastu osoaren erdia baino gehiago zazpi programek eramango dutela nabarmendu zuen, eta horien artean handiena gizarte arreta izango da, 2.282.498 eurorekin; proportzioan, legazpiar bakoitzeko 273 euro gastatuko dituzte. Kirolen atala da hurrengo gastu handiena (1.196.055 euro guztira, biztanleko 143 euro), bide publikoena hirugarrena (735.762 euro, biztanleko 88 euro), gobernu organoena gero (728.554 euro, biztanleko 87.1 euro), eta hondakinen kudeaketa (701.000 euro, biztanleko 83,9 euro), segurtasuna eta orden publikoa (661.939 euro, biztanleko 79,2 euro) eta administrazio publikoa (581.433 euro, biztanleko 75,7), ondoren.
Gastuak arloka sailkatuta, Herritartasunak, aurrekontu osoaren %46 eramango du (iaz %45 jaso zituen); Lurraldeak %34, iaz bezal0; eta Antolaketak %20, iaz baino gutxiago (%21).
Zinegotziek eman zituzten programa guztien xehetasunak ondoren, eta kasu guztietan, pertsona erdigunean jarri izana nabarmendu zuten.
2023ko aurrekontuak
HERRITARTASUNA
Kopuru osoa. 5.518.090 euro, %46.
Partidak: Gizarte arreta (2.282.498€), kirola (1.196.055 €), hezkuntza (632.696 €), kultura (495.464 €), jaiak (224.000 €), gazteria (219.690 €), euskaltegia (197.235 €), euskara (123.255 €), turismoa (58.896 €), enplegua (50.000 €) eta merkataritza (37.500 €).
LURRALDEA
Kopuru osoa. 4.044.862 euro, %34.
Partidak: Bide publikoak (735.762 €), hondakinen kudeaketa (701.000 €), segurtasuna eta orden publikoa (661.939 €), kale garbiketa (593.366 €), hirigintza (337.773 €), parkeak eta lorategiak (277.775 €), nekazaritza garapena (236.398 €), argiteri publikoa (217.000 €), Junetorri (156.690 €), ingurumena (90.319 €) eta hilerria (36.600 €).
ANTOLAKETA
Kopuru osoa. 2.373.396 euro, %20.
Partidak: Gobernu organoak (728.554 €), administrazio orokorra (609.131 €), ekonomia (467.638 €), hiritarrei arreta (177.528 €), ezustekoak (160.000 €), ondarearen kudeaketa (122.501 €), eta zor publikoa (108.043 €).