Ihintza Erauskin eta Danel Castillo, aurreskulari onenak Legazpiko saioan
Gipuzkoar erako gazteen aurresku txapelketaren lehen kanporaketak irabazi dituzte. Sustraiak dantza taldeko zazpi dantzarik ere parte hartu dute lehen saioan. Finalak, maiatzean
Ihintza Erauskinek eta Danel Castillok irabazi zuten Gipuzkoar erako gazteen aurresku txapelketako lehen kanporaketa, B sailean (11-14 urte) eta D sailean (14-15 urte) hurrenez hurren. Legazpiko Latxartegi aretoan jokatu zen joan den larunbatean, Sustraiak dantza taldeak Legazpiko Udalarekin batera antolatuta. Guztira 32 dantzarik parte hartu zuten, tartean zazpi legazpiarrek.
Goiz Deia txistulari taldea arduratu zen dantzarien jardunari musika jartzeaz, eta Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko kideek osatu zuten epai-mahaia. Amaia Azpeitiak aurkeztu zuen saioa.
Zaharrenekin hasi zen kanporaketa, eta D saileko hamabi dantzariak izan ziren parte hartzen lehenak. Lezoko Ihintza Erauskin izan zen garailea, eta bigarren postuan Andoaingo Irati Larrañaga eta hirugarrenean Zizurkilgo Lide Sarasola sailkatu ziren.
B saileko hamasei dantzarien txanda iritsi zen ondoren, eta sail horretako irabazlea Pasai Donibaneko Danel Castillo izan zen. Bigarrena, Lizartzako Onditz Larrañaga izan da, eta hirugarrena Asteasuko Julen Lertxundi. B sailean Legazpiko Araitz Berasategik, Maria Sanchezek, Irune Azpeitiak, Jon Alberdik eta June Osinaldek ere parte hartu zuten, eta Maria Sanchezek jaso zuen legazpiar onenaren saria.
A sailean (7-10 urte), azkenik, Sustraiak taldeko Araitz Mantxola eta Nora Lafuente ere ari dira parte hartzen txapelketan, baina zuzeneko pasea dute finalerako, eta erakustaldia besterik ez zuten egin larunbatean.
Finalak, maiatzak 14-15
A sailekoen final hori maiatzaren 14an jokatuko da Errenterian, B sailekoen finalekoarekin batera, eta D sailekoa Legazpin jokatuko da bezperan, maiatzaren 13an.