Irekita dago binakako pilota txapelketa herrikoirako izen-ematea
Karibe Zaharra, Karibe Berria, Giroa, Maiatza, Kukue eta Urbeltz tabernetan eta Gaztetxean eman daiteke izena hilaren 29ra arte. Txapelketa otsailaren 10ean hasiko da, eta finala apirilaren 29an izango da.
Urtarrilaren 29ra arte egongo da irekita aurtengo Binakako Pilota Txapelketa Herrikoiarako izen-ematea. Legazpiko Gazteak klubak antolatuta, hamaseigarren edizioa izango da, eta otsailaren 10ean hasiko da. Ohi bezala, Santikutz jaietan jokatuko da finala, aurten apirilaren 29an.
Txapelketan parte hartzeko gutxienez 16 urte izan beharko dira, hau da, 2007an edo aurreko urteetan jaiotakoak. Gainera, partaideak Legazpin jaioak, hazitakoak edo bertan bizi direnak izan beharko dira. Bikoteko 20 euro ordaindu beharko dute, eta hauek dira izenak emateko tokiak: Karibe Zaharra, Karibe Berria, Giroa, Maiatza, Kukue eta Urbeltz tabernak eta Gaztetxea.
Izena emateko epea amaitu eta egun gutxitara, otsailaren 3an, bilera egingo dute antolatzaileek Kultur Etxean 18:00etan, taldeen zozketa egiteko eta txapelketari buruzko informazioa zabaltzeko. Txapelketa ligaxka eran jokatuko da.
Legazpiko txapelketa herrikoi hau irabazten duen bikoteak txapelak, garaikurrak eta profesional mailako maiatzeko festetako partidurako bi sarrera jasoko ditu. Bigarren sailkatzen direnentzat garaikurrak eta bertako produktuez osatutako saskiak egongo dira, eta hirugarren eta laugarren bikoteek garaikurrak jasoko dituzte.
Giro eta arrakasta handiko txapelketa
Arrakasta handikoa da txapelketa hau Legazpin, bai partaidetzaren aldetik, baita jarraitzaileen aldetik ere. Partidak Urbeltz pilotalekuan jokatzen dituzte, eta beti izaten da publikoa. Finalaren eguna hurbiltzen doan eran, giroa areagotzen joaten da harmailetan.
Finalean ere ez da girorik falta izaten. Santikutz jaietan jokatzen da, kuadrillen egunean, bazkari herrikoiaren ondoren. Aurten apirilaren 29an izango da, larunbatean.
Pandemiaren erruz bi urtez etenda egon zen txapelketa, baina iaz indartsu itzuli zen. Azken edizio horretan Aztiri-Lakiola (Aritz Agirre-Luis Ibarguren) bikoteak irabazi zuen, Fiti-Esku (Iñigo Fernandez-Mikel Eskuero) 22-14ko markagailuarekin mendean hartuta. Hirugarrenak Anartz eta Xabat izan ziren, eta laugarren postuan Olaizola eta Aierbe sailkatu ziren.