Zegama-Aizkorri maratoian 7.346 korrikalarik eman dute dagoeneko izena
Kilometro bertikalerako eta junior trailerako izen ematea hilaren 30ean irekiko da. Guztira, 225 dortsal zozketatuko dira maratoirako. Maiatzeko bigarren asteburuan izango da proba
Atzo ireki zen 22. Zegama-Aizkorri maratoirako aurre izen-ematea eta 19:00etarako, dagoeneko, 7.346 ziren 225 plazetarako izena eman zuten korrikalariak. Zazpi ordutan —12:00etan ireki zen aurre izen-ematea— iaz hamabi ordutan baino pertsona gehiago zuten izena emanda. Oraindik beste bederatzi egun gehigoz egongo da epea irekita. Bestalde, urtarrilaren 30ean, 12:00etan irekiko da IX. Zegama-Aizkorri kilometro bertikalaren eta XII. Zegama-Aizkorri junior trailaren aurre izen-ematea, rockthesport.com web gunean. Dortsal guztien zozketa otsailaren 24an egingo dute.
Aurre izen-emateen datekin bat egienez, Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zuten Zegama-Aizkorri proba pasa den ostiralean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak, Iker Goiriak, Zegamako alkateak, Joseba Izagirrek eta lasterketako zuzendari teknikoak Alberto Aierbek hartu zuten parte bertan.
Bi urtez bertan behera geratu ondoren, iaz itzuli zen maratoia errekor eta guzti: Kilian Jornetek (3:36:40) eta Nienke Brinkmanek (4:16:43) euren 2017ko errekorrak hautsi zituzten. Gainera, Youtuberen historian bistaratze gehien izan zituen gaztelaniazko trail lasterketa ere bihurtu zen. Aierbek prentsaurrekoan azaldu zuenez, «mendi maratoia lau hizkuntzatan jarraitzeko aukera egon zen, eta EITBn, TV3n (Herrialde Katalanak) eta TeleDeporte (Espainia) kateetan eskaini zen. Guztira, 900.000 ikuslek jarraitu zuten zuzenean».
Herria oinarri eta helburu
Zegama-Aizkorri probaren izaeraren eta arrakastaren inguruan «Zegamak herria du oinarri eta helburu. Gizartean galtzen ari diren zenbait balore bultzatu nahi ditugu: auzolana, parte hartzea, izaera komunitarioa… Herritarrak maratoiaren ardatz izatea da gure helburua, haiek gabe ez litzatekeelako posible izango» esan zuen alkateak.
Boluntarioen lana ere azpimarratu du Aierbek: «500 izaten ditugu, baina askoz ere gehiago dira laguntzeko prest daudenak». Kilometro bertikala maiatzaren 12an korrituko da aurten eta maratoia eta junior traila 14an.