Bolatako tiraldien Goierriko sasoia Olaberrian hasiko da jaian
Bikotekako Txapelketako bigarren jardunaldia Joxe Kerejeta Bolatokian jokatuko dute, goiz eta arratsalde.
Bola eta toka denboraldi ofizialeko Goierriko aurreneko tiraldia Olaberrian da, igandean. Bikotekako Txapelketako bigarren jardunaldia Joxe Kerejeta Bolatokian jokatuko dute, goiz eta arratsalde. Ereñotzun hasi zen igandean; hirugarren tiraldia Usurbilen da, 29an, eta finala Zerainen, otsailaren 4an. Goierrin, urteko lehen bolatea Legazpin egin zuten hilaren 6an, ohitura den Erregeetako Saria.
Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak iazko egitura mantendu du. Bikoteen ondoren Lehendakari Txapelketa hasiko da, lau jardunaldikoa. Otsailaren 12an Idiazabalen ekingo zaio, 26an Ategorrietan, martxoaren 5ean Legazpin eta 12an Altzan. Banakako erregulartasunekoa da.
Hurrena, Gipuzkoako Kopa martxoaren 26tik maiatzaren 7ra jokatuko da. Goierrin ez du tiraldirik izango. Gipuzkoako Txapelketa (maiatzak 13, Urnietan), beterano eta gazteen txapelketa (maiatzak 21, Hernanin) eta Euskadiko Txapelketa (ekainak 4, Zornotzan) dira urteko besteak.
Toka lehiaketa ere bai
Olaberrian tokarik jarriko ez duten arren, jokamolde horretako denboraldia ere hasi zen, Ereñotzun. Zortzi jardunaldiko liga da, bolate batzuen egunetan eta tokietan. Goierrin, Legazpin egongo da tokan aritzeko aukera bakarra, martxoaren 5ean.
Denboraldi bukaerako Bolari Eguna, berriz, abenduaren 8an Gabirian ospatuko da. Lehiaketak, bazkaria eta omenaldiak izango dira. Udazkenean, taldekako txapelketa ere badago, eta final nagusia Seguran da.
Izagirre-Berasategi 2.ak
Bikotekako txapelketan, Ereñotzuko tiraldiaren ondoren Jokin Izagirre eta Egoitz Berasategi segurarren bikotea kokatu da sailkapen nagusian ondoren. Bigarren dira, 86 punturekin, Xabi eta Josu Lasa liderrengandik puntu batera. 26 bikote ari dira gizonezkoetan parte hartzen.
Pedro Agirre eta Jon Orikain legazpiarrak 5. daude (82), Zeferino eta Imanol Agirre segurarrak 7. (79), Itoitz Alustiza eta Patxi Arrondo zeraindarrak 8. (78).
Nesketan, zazpi bikote partaideen artean, Naiara Peñagarikano-Pake Galdos bigarren kokatu dira (56), eta Garbiñe Alustiza-Miren Makatzaga laugarren (41).