Kontzertua eta inauteriak, bi hitzordu Legazpiko Gaztetxean
Indartsu hasi du urtea Legazpiko Gazte Asanbladak, eta lehenengo asteetarako agenda betetzen hasita dago. Kontzertu bat eta inauteri festa dira prestatu dituzten bi ekintza nagusiak, lehena hilaren 28rako, eta bestea otsailaren 18rako.
Gaztetxean izango da hilaren 28ko kontzertua, larunbatean, eta bertan joko duten taldeak Andoni Ollokiegiren El Quinto Con Tenedor (Hernanikoa), Tolosako Basati, Zizurkilgo Meliora eta Legazpiko Anker izango dira. Metal musika jotzen dute lau taldeek.
Ankerrek Urko Ventureira baxu jotzaile ormaiztegiarra agurtzeko, eta Ataungo Unax Ansa taldekide berriari ongi etorria emateko baliatuko du kontzertua.
Inauteri festa, mafiarekin
Inauteri festa otsailaren 18an ospatuko dute Gazte Asanbladakoek, Gaztetxean bertan eta kalean. Gaia aukeratu dute, eta mafiari eskainiko diote aurten.
Festa bazkariarekin hasiko da, 14:30ean. Txartelak 15 euroan jarriko dituzte salgai Gaztetxean, otsailaren 3an. Aukera beganoak ere izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Arratsaldean karropoteoa eta desfilea egingo dituzte herrian zehar, 18:30ean hasita, eta gauean, 23:00etatik aurrera, erromeria Gaztetxean hori ere, Emaion taldearekin.