Migratzaileei aholkularitza juridikoa emango diete Urretxun
Eusko Jaurlaritzak Aholku Sarea egitasmoko lau bulego ireki ditu Urretxun, Tolosan, Markina-Xemeinen eta Zornotzan. 28 bulego daude jada.
Eusko Jaurlaritzak Aholku Sarea egitasmoa jarri zuen martxan, migratzaileei aholkularitza juridikoa emateko. Erkidegoko hiru herrialdeetan bulegoak irekitzen ari da. Dagoeneko 28 ireki ditu. Azkeneko lauak Urretxun, Tolosan, Markina-Xemeinen eta Zornotzan ireki ditu.
Urretxuko bulegoa udaletxean dago eta bertako portaloian aurkezpena egin zuten atzo goizean. Ekitaldian Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak eta Urretxu, Tolosa, Markina-Xemein eta Zornotzako alkateek parte hartu zuten.
Artolazabalek migratzaileei beraien egoera erregularizatzen lagundu nahi dietela esan zuen. «Helburu bat daukagu: pertsona migratzaileek beraien egoera erregularizatu ahal izatea, lan merkatuan sartu ahal izateko. Lan merkatuan sartzeko oztopo burokratikoak eta legalak daude. Hori dela eta, Aholku Sarea sortu zen».
Aholku Sarea egitasmoko bulegoetan migratzaileei eta beraien elkarteei ez ezik, abokatuei ere laguntzen diete. Izan ere, jaurlaritzaren bulego horietan beraien zalantzak argitu ditzakete.
Lankidetza
Sailburuak lankidetza publiko-pribatuaren balioa azpimarratu zuen. Izan ere, egitasmo horretan hainbat erakunde eta elkartek parte hartzen dute: Biltzen (Laguntza juridikoaren, integrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren euskal zerbitzua); Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako abokatuen elkargoak; Zehar Errefuxiatuekin; Gurutze Gorria; Caritas; Kosmopolis; Adiskidetuak; Cite-CCOO; Bide Eginez eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa. Azken honek Urretxuko eta Tolosako bulegoetan lan egingo du.
Migratzaileak lan merkatuan murgiltzea gizartearentzako onuragarria dela gogoratu zuen. «Erregularizazioari esker, lan egin ahal izango dute. Eta, beraz, gizarte laguntzak alde batera utzi eta bizitza berri bati ekingo diote. Beraien kabuz moldatuko dira».
Atzerritartasunaren arloko eskumenen transferentzia eskatu zuen. «Bistan da Euskadira iristen diren pertsona migratzaileei laguntzeko tresnak, zerbitzuak eta konpromisoa ditugula. Atzerritartasunaren arloko eskumenen transferentzia gauzatzea falta zaigu, euskal harrera ereduari behin betiko forma eman ahal izateko».
Horren harira, Espainiako Gobernuak Araban ireki nahi duen errefuxiatuentzako zentroa kritikatu zuen. «Makrozentro masifikatua» dela esan zuen eta Gizarte Segurantza eta Migrazio ministerioak jaurlaritzari ez diola horren berri eman gehitu zuen. «Komunikabideen bidez izan dugu bere berri».
Jaurlaritzaren eredua oso ezberdina dela aipatu zuen. «Gure ereduak gizarteratzearen alde egiten du, makrozentroetatik ihesi».
Jon Luqui Urretxuko alkateak ere hitza hartu zuen. Migratzaileak bagina, harrera herrian zer jaso nahiko genukeen galdetu zuen. Galdera horri erantzunez,Urretxuko Udalak Bizikidetza eta Aniztasun Mahaia jarri zuen martxan duela 10 urte baino gehiago. «Harrera Eskola jarri genuen martxan eta bertatik 110 lagun baino gehiago pasa dira eta sarea ehundu da. Egun, bigarren plana prestatzen ari gara eragile guztiekin».
Bukatzeko, jaurlaritzari eskerrak eman zizkion bulegoetako bat Urretxun irekitzeagatik. «Jaurlaritza gurekin gogoratzea oparia da eta gure teknikariak asko poztu dira, beraien lanean laguntza izango baitute».