Sorotan Bele, Arah taldea, Sara Zozaia eta opera izango dira Lazkaon, neguan
Lehengo astean zabaldu zuten Lazkaon urtarriletik martxora bitarteko neguko kultura-agenda.
Lehengo astean zabaldu zuten Lazkaon urtarriletik martxora bitarteko neguko kultura-agenda. Musikak pisu berezia hartu du egitarauan, ekitaldi ugari bideratu baitituzte. Abenduaren hasieran atzeratuta geratu zen Sorotan Bele Gogoan emanaldia da aipagarri bat. Gorka Sarriegi eta Urbil Artola musikariei Lazkaoko Musika Bandak lagunduko die, otsailaren 4an.
Arah ganbera taldearen kontzertua da goi mailako beste bat. Euskadiko Orkestrako musikarien proiektua da; pianoa, hari laukotea eta klarinetea dira instrumentuak, eta Bazen behin emanaldi berria dute eskuetan. Otsailaren 11n joko dute Arerian.
Sara Zozaia abeslariaren kantaldia da beste eskaintza erakargarri bat, otsailaren 24an. Gaur egungo estiloen eta tokiko soinuen nahasketak ditu berezitasun, «beti ere ukitu nostalgiko batekin». Euskal musikagintza berriaren izen berezi bat da.
Musikaren atala osatzeko, musika eskolaren Musikaldia (otsailaren 17tik 23ra), bandaren kontzertua (martxoak 12) eta trikiti txapelketa (martxoak 11) dakartza neguko agendak. Horiez gain, Areria antzokiak zenbait ostiraletan jartzen dituen opera emanaldiak. Bi programatu ditu: Mozarten Txirula magikoa bihar (20:15ean, Arerian), eta Gounod-en Romeo eta Julieta martxoaren 17an.
Mendia, pilota eta motorra
Arte eszenikoen eta ikuskarien arloan, Formol Laborategia konpainiaren Album antzezlana (otsailak 10), Oihana Iguaranen eta Amaiur Luluagaren Amalur ikuskizuna (martxoak 24), Nerea Garmendiaren eta Victor Amilibiaren Vaya pack de vascos bakarrizketa (urtarrilak 27), eta Mikel Alvarez beasaindarrak ekoitzitako Pasatxori buruzko Azken dantza maisua dokumentala (martxoak 3) iragarri dituzte.
Kirolean, emakumeen Eusko Label Binakako Txapelketa Nagusiko jardunaldi bat jokatuko da, otsailaren 18an; Mendi Astea martxoaren 13tik 17ra da, eta Goierri Rallyesprinta 18an.