Goierri Kopako lehenengoa
Igandean jokatuko da Garingo mendi lasterketa, Goierri Kopa Traileko lehen lasterketa dena. 11 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute partaideek, eta hotza eta lokatza iragarri ditu antolakuntzak.
Garingo mendi lasterketarekin hasiko da Goierri Kopa Trail. Igandean jokatuko da, 12:00etan hasita. 11 kilometroko lasterketa izango da (574 metroko desnibel positiboa), beraz, Goierri Kopa Trail sprint kategorian puntuagarria da.
Metereologia iragarpenak dio, oso egun hotza izango dela igandekoa, eta larunbaterako, elurra bota dezakeela kota altuetan. Lasterkariak beraz, prest egon daitezela, lokatzari eta freskurari aurre egiteko.
Vangelisen doinuen ordez, karraka soinuak emango dio hasiera Garingo mendi lasterketari, tradizioa bihurtu dena. Ohi bezala, Jesus Mari Lasak eragingo duena.
Lasterketa honetan beste berezitasun bat ere bada, sariak, hain zuzen ere. Garaikurrak eskuz eginak dira. Aurten, eskuz marraztutako Garin auzoaren ikuspegi elurtua arbelean inprimatua izango da. Horixe, sari preziatua.
Izen ematea zabalik
Lasterketan parte hartzeko izen ematea zabalik dago, bihar, larunbata arte, www.rockthesport.com webgunean. Antolakuntzak esan du, plaza gutxi batzuk geratzen direla oraindik. Gogoratu, egunean bertan ezingo dela izenik eman, beraz, Internet bidez egin behar da.
Bestalde, kontuan izanda igandean jende asko gerturatuko dela Garin auzora, antolakuntzak gomendatu du, kotxez gerturatzen direnak, Mandubia aldetik behera joan daitezela, eta errepide bazterrean aparkatu dezatela, beti ere, trafikoari oztoporik sortu gabe.