Goierriko Ernaik "independentzia, sozialismoa eta feminismoa ardatz dituen proiektu politikoa" berretsi du
Ordiziako plazan elkartu dira gaur arratsaldean, "ziurgabetasun garaiek exijitzen duten epe luzeko begirada eskaintzeko proiektu politikoa" dutela adierazteko. Elorrion ospatuko den Gazte Topagunera gerturatzeko gonbita luzatu dute.
Goierriko Ernaiko gazteak Ordiziako plazan elkartu dira gaur arratsaldean,”independentzia, sozialismoa eta feminismoa ardatz dituen proiektu politikoa” berresteko. 10 urte dira Ernai sortu zenetik. Urte horietako lanetik “irakaspenak atera” eta “aurrera pausoak ematea” dagokiela adierazi dute, “biharko Euskal Herria sortzeko bidean borroka eginez”.
“Kapitalismo zisheteropatriarkalak eta kolonialak eragindako krisi anizkoitza” jarri dute jomugan, “gazteria modu partikularrean kolpatzen” duena eta etorkizunerako espektatiba eza eragiten duena. “Espektatibarik gabe, atomizatuak, bakartuak, eta hotzean nahi gaitu kapitalak, eta konplize dituen estatuek”.
“Euskal Herri aske, sozialista eta feministaren proiektua berritu eta borroka ezberdinekin aberasteko” konpromisoa hartu dute haien adierazpenean, eta gehitu dute “ziurgabetasun garaiek exijitzen duten epe luzeko begirada eskaintzeko proiektu politikoa” dutela esku artean. Martxoa hasierarako, egitarau bat antolatuko dute, “Goierriko gazteak saretu eta proiektuan berresteko balio izango” diena.
Ernairen 10. urteurrenaren dinamikaren barruan, apirilaren 6tik 9ra Gazte Topagunea ospatuko da Elorrion. Goierriko gazteei bertara gerturatzeko gonbita luzatu diete.