Jaurlaritzaren idatziak ez die eskaerei «inola ere erantzuten»
Ordiziako Euskal Eskola Publikoaren komunitateak eskatu du «tokian tokiko zehaztapenak» egiteko eta egoera bideratzeko «neurri zehatzak» ezartzeko
Ordiziako Euskal Eskola Publikoaren komunitateak «neurri zehatzak» eta Ordiziako hezkuntza egoera «bideratuko duten erantzunak» eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Azken urtean Bildarratz sailburuarekin eta Hezkuntzako goi arduradunekin bost aldiz bildu dira, proposamenak egiteko. Jaurlaritzak bidalitako azken erantzunak eskaerei ez diela «inola ere erantzuten» adierazi du komunitateak ohar bidez.
Duela zazpi hilabete elkartu ziren azkeneko aldiz Hezkuntza Saileko arduradunekin, Arartekoaren bitartekaritzari esker, «Ordiziako eskolen artean eta herrian, jatorriaren eta egoera sozioekonomikoaren baitan, dagoen desoreka larria bideratzeko Hezkuntza Sailaren neurriak ezagutu eta iritziak trukatzeko». Jaurlaritzak egoeraren «larritasuna» onartu du, «baina neurririk ez da etorri».
Azken bileran, hiru eskakizun egin zituen Ordiziako Eskola Publikoaren komunitateak: matrikulazio eremuaren definizioa eta xehetasunak; Ordizian ezarriko den zaurgarritasun indize zehatza eta eskola bakoitzeko planifikatutako gelak eta ikas lerroak; eta Ordiziako egoera bideratzeko neurriak eta garapen zehatza denboran.
Arartekoaren bidez, Hezkuntza Sailak erantzuna eman du idatzi batean. Erantzunak, baina, «larritu» egin ditu, Aldizkari Ofizialean argitaratutako bi dekretuei «erreferentzia orokorra egitera mugatzen» delako, «Ordiziako zehaztapenik gabe». Idatziaren arabera, ikastetxe bakoitzeko ikaspostuak eta ikas-lerroak, «eskariaren baitakoak» izango dira. «Desoreka eta segregazio handiko testuinguru honetan, Jaurlaritzaren proposamenak posible egingo du, urte bakoitzean egiten den eskariaren baitan, eskola publikoak gelak edo lerroak galtzea, itunduriko ikastetxeen alde», salatu dute.
Ikasleen banaketa
«Bereziki kezkatzen» dituena, ordea, «zaurgarritasun indizearen zehaztapen ezak desorekan izan dezakeen eragina» da. Hezkuntza sailak dioenaren arabera, Ordiziako bi ikastetxeek gutxienez %10ean hurbildu beharko dute Ordiziari esleitzen zaion zaurgarritasun indizera, baina ez dute aipatu indizea zein den. Jaurlaritzak eskola publikoaren ikaspostu, gela eta ikas-lerroak ez lehenestea eta zehaztea, «ikasturtea hasita batzen diren ikasleak itunpeko ikastetxeetara bideratzeko aukera izatearekin justifikatzen» duela gehitu dute.
Desorekaren arrazoia jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen dutenengan edo zaurgarriak diren ikasle edo familiengan uztea «diskriminatzailetzat» jo dute, eta gehitu ez dutela «eragin esanguratsurik» desoreka handia den errealitateetan. «Euskal Herrian jatorria dutenen edo egoera sozioekonomiko hobea dutenen banaketak eragin handiagoa du desorekan, eta ondorioz, orekan».
«Lehenetsi eta planifikatu»
Hezkuntza Sailak proposatutako zaurgarritasun indizearen araberako ikastetxekako ikasleen banaketak desoreka «bideratzen lagun dezakeela» uste dute, baina aurrena zenbait gauza bermatu behar direla: «Eskola publikoa lehenetsi eta planifikatu; tokian tokiko errealitatea jaso; ikasle zaurgarri eta ez zaurgarriak modu proportzionalean banatu; eta orekara iristeko epe onargarriak ezarri».