Manufacturas Ederra lantegi ohia dagoen tokian etxebizitzak egingo dituzte
Industria ondarea gordetzeko, Lenbur Fundazioak tailerreko dokumentuak eta makinak jaso ditu. Oraindik ez dute zehaztu noiz eraitsiko den. Etxebizitza gehienak erreserbatuta daude.
Manufacturas Ederra lantegi ohia dagoen lekuan etxebizitzak egingo dituzte. Proiektua martxan dago dagoeneko. 27 etxebizitza izango dira, bi ataritan, bi eta hiru logelakoak. Horietatik 21 jada erreserbatuta daude. Azkeneko bi solairuetan, terraza izango dute etxebizitzek, eta behealdean, garaje plazak jarriko dituzte. Horretarako, Manufacturas Ederra lantegi ohiaren eraikina eraitsiko dute.
Ez dute zehaztu oraindik noiz eraitsiko den. Balio arkitektoniko aldetik katalogatuta ez dagoen arren, industria ondarea da eraikina, eta horren balioa gordetzeko, Legazpiko Lenbur Fundazioak tailerreko dokumentuak eta makinak jaso ditu, enpresa horren testigantza babestuz. Egurrarekin egiten zuten lan, baina ez zen aroztegia. Denetarik egin zuten irekita egon zen bitartean: eskoletarako arbelak, damak edo partxisa bezalako mahai-jokoak, haurrentzako maletak, erremintentzako kutxak edota tresnen kirtenak fabrikatu zituzten lantegian. Joxe Miguel Ormazabalek sortu zuen 1932. urtean, eta 1947an etxebizitzak eraiki zituzten gainean familiakoentzat. Ondoren, beste solairu batzuk gehitu zituzten. Atzerrira saltzen zituzten. Familia enpresa izan zen ibilbide osoan.
Piezak ikusgai Legazpin
Ordiziako lantegia utzi eta Zaldibiako pabilioi batean jarri zuten tailerra ondoren. 1980ko hamarkadan itxi zuten Manufacturas Ederra. Hirugarren belaunaldiak Arbela enpresa sortu zuen geroago, baina hura ere dagoeneko desagertuta dago.
Lenbur Fundazioak eraikinetik jasotako dokumentuak eta objektuak Legazpiko Fabrikan daude ikusgai. Euskal Herriko industrializazioari eskainitako museoa da Fabrika. Patrizio Etxeberria lantegirako egindako zerra batentzako egurrezko pieza edota Helma lantegirako egindako errota batentzako egurrezko pieza ikusi daiteke. Lenburrek, gainera, bere egoitzan duen biltegian material gehiago dauka jasota, objektuak eta bestelako erakusgaiak.
1997an sortu zuen Legazpiko Udalak Lenbur Fundazioa, bertako natur eta kultur ondarea eta burdinaren industria ikur gisa indartzeko helburuarekin. Hainbat ekimen egin ditu industria ondarearen balioa azpimarratzeko, eta tartean dago Ordiziako Manufacturas Ederra ere.