San Sebastian festak Garinen
Beasaingo Garin auzoan festak ospatuko dituzte larunbatean eta igandean. Bizilagunak «gogotsu» daude eta auzolanean atondu dute auzoa.
Iazko etenaren ondoren Garin auzoko bizilagunak San Sebastian festak ospatzeko irrikan daude. Larunbatean eta igandean ospatuko dituzte. Egitarau xumea izango dute, baina ilusio handiarekin prestatutakoa. Ilusioa nabaria ere, festetara begira auzoa atontzeko egin dituzten auzolanetan. Auzoa goitik behera txukundu dute; kaleak, elkartea, pilotalekua, eliza, mendi bideak… Etxe bakoitzeko pertsona batek parte hartu ohi du gutxienez. Festen antolakuntzatik nabarmendu dute, «aurtengoa izugarria izan da, jende guztia laguntzeko oso-oso gogotsu agertu da, nabari da auzotarrak festak ospatzeko animoso daudela». Auzolanaren ondoren, meriendatzeko eta kontuak esateko tartea ere hartu dute.
Egitaraua
Bihar, larunbata, 13:00etan emango diete hasiera Garingo San Sebastian jaiei. Kanpaiak dantzan jartzen direnean, haien hotsarekin batera botako dituzte altxafuegoak, jaien hasiera iragarriko dute horrela. Festa giroan murgiltzen hasteko, auzo-bazkaria egingo dute, Muñogain elkartean. 14:00etan elkartuko dira bertan. 40 inguru lagun elkartuko dira bazkaltzera. Jatekoa eta edatekoa ez dira faltako, ezta musika ere. Elustondo anai-arrebak trikitilariek girotuko dute. Eta bazkal ostean, mus eta punttu txapelketak jokatuko dituzte.
Haurrentzako jolasak ere izango dituzte, auzoko pilotalekuan, 17:30etik aurrera. Ondoren, gaztainak, sagardoa eta txokolatea banatuko dituzte. Arratsaldean zehar ere Elustondo anai-arrebak izango dira musikarekin alaitzen.
Igandean, berriz, Beasaingo udal txistularien goiz eresia izango da lehenik. 10:30ean, berriz, meza nagusia izango da. Beasaingo San Martingo abesbatzak parte hartuko du elizkizunean, eta berezitasun bat izango du kantatuko duten errepertorioak; abesti guztiak latinez izango dira.
Eguerdian berriz, mendi lasterketa izango da.