Beasaingo Arrano kultur elkarteak aro berria hasi du, lantaldeak birmoldatuta eta irudia berrituta
Berrogei urte bete ditu Beasaingo elkarteak. Iaz hasitako hausnarketa eta eraberritzeko prozesuaren emaitzak gaur aurkeztu dituzte, Igartzan. Euskara eta euskal kultura indartzen segituko dute, antolaketa eraberrituta.
Beasaingo kulturgintzan eragile pisutsua den Arrano kultur elkarteak barne-hausnarketaren eta aldaketen berri eman du, gaur, Igartza jauregian. Orain arteko egindako jarduerak gogoratu eta baloratu ondoren, etorkizunean elkartearen jarduna gidatuko duten antolaketa eta lantaldeak aurkeztu dituzte. Berrogei urte bete ditu Arrano kultur elkarteak, eta aurrerantzean Arrano Kultura izango du izen ofiziala. Jokin Telleria margolariak diseinatutako ikur berria ere erakutsi dute, kulturaren K baten eta arrano hegalari baten uztardura.
Txalapartarekin hasi da ekitaldia, eguerdian, Irati Aldazek aurkeztuta. Bixente Apalategik eta Txurdok egin diote historiari errepasoa. 1984an ireki zuten Arrano kultur elkartea, Oriamendi kaleko lokal batean. “Lan politikoa aurrera eramateko, euskal kultura lantzeko eta ezkertiarren txokoa izateko sortu zen. Bi helburu oso argi izan ditugu, hasieratik: euskara eta euskal kultura Beasainen sustatzea, eta horretarako herriko beste eragileekin eta udalarekin harremanak lantzea. Giro politikoa nahiko nahasia zen orduan, baina euskal kulturaren aldeko indarra sendo zegoen”.
Jende aurrean, lehen ekitaldia 1986ko ekainaren 23an egin zuten, San Joan bezperan: Marimunduko dama antzerkia. “Beasaindarrok beasaindarrentzat egindakoa izan zen”. Elkarteko kideez gain, bertako bazkide ez direnekin ere hainbat jarduera atera dituzte aurrera. Jokin Telleria margolariarekin pintura lehiaketa, edo Aurtzaka dantza taldearekin eta Loinatz abesbatzarekin, aipatu dituztenak.
“Elkartean Beasainmendiko eta baserrietako jende asko izateak, bertsolaritzarekiko ere atxikimendu handia eragin du: bertso afariak, bertso saioak jaietan, bertsopaperak… Baita perretxiko erakusketak, sendabelarren erakusketak, edo festetan egiten den Baserritar Eguna ere”, azaldu du Txurdok. Olentzeroren etorrerarekin edo Dantzari Txiki Egunarekin ere kolaboratu du Arranok, eta herritik kanpora Kilometroekin eta Korrikarekin ere bai.
Oriamendiko lokala txikiegi geldituta, 1992an aldatu zuten egoitza Kale Nagusiko gaur egungo tokira.
Aldaketaren beharra
Azken lauzpabost urteetan zerabilten elkartean antolaketa birmoldatzeko beharraren kezka. “lantalde bezala aurrera segitzekotan, eraberritze bat behar genuela ikusi genuen. Gaur egun gizartea dagoen bezala, zaila da gazteak erakartzea. Baina bidea bilatu dugu, eta beste jende talde batek gidatuko du, gu zahartu gara eta. Gazteak eta konprometituak dira datozenak”, aurreratu du Bixente Apalategik.
Iaz hasitako prozesuaren berri eman dute Zuberoa Jauregik eta Mikel Urdangarinek, jarraian. Lehenik, 40 urtean lanean aritu direnei eskerrak eman dizkie, eta haien ondarea dela oraingo abiapuntu aitortu diete. “Baina eskertza onena segida ematea denez, lau helburu hartu genituen parte-hartze prozesuan: taldea sendotzea, erreleboa lantzea, etorkizuneko ardatzak zehaztea eta antolaketa nola eta norantz behar duen finkatzea”.
Talaios eta Farapi etxeen laguntzarekin gidatu zuten prozesua, eta 25 lagunek parte hartu zuten. Oinarri batzuk ere zehaztu dituzte, “ezaugarri jakin batzuetako Beasain eraiki nahi dugulako”: euskalduna, kohesionatua, ekologista, feminista eta burujabea dira oinarri horiek.
Hala, antolaketan, ekintzen araberako lantaldeak bereizi dituzte, lau guztira. Ekitaldi edo ekimen jakinak antolatzeaz arduratuko dira horiek. Talde motor edo eragile batek koordinatuko ditu guztiak; urtean pare bat batzar ireki antolatzeaz ere arduratuko da hori. “Egindako lanak baloratu, jendearekin partekatu, elkartu… horretarako izango dira batzar irekiak”.
Honakoak dira Arrano Kulturaren barruan ariko diren lau lantaldeak: Ingurumena (hitzaldiak ekologiaz, mendi ibilaldiak, ukendu tailerrak…), Poltsikoko taldea (liburu aurkezpenak, pote filosofikoa, memegintza tailerra, bakarrizketak, antzerkiak…), Jarraipen lantaldea (lehendik egindako lanari jarraipena emango diona, mus txapelketa, bertso afaria, margolari lehiaketa, festetako Mariren Jaitsiera eta Baserritar Eguna antolatuta), eta Sasoiko taldea (uda parteko agenda “hutsik” egoten dela eta, Sagastigutiko parkean festa bat antolatzea pentsatzen ari dira, uztailean. Lau taldeak martxan daudela iragarri dute.
Arrano Kulturaren logotipo berria Jokin Telleriak diseinatu du. Kultura zer den galdetuz hasi du bere hitzartzea. “Kultura, zabala baino gehiago, zirkulua dela uste dut nik. Gu inguratzen gaituen zirkulua. Gu eta gizartea biltzen gaituena. Oso aberasgarria da, baina aberatsa bezain txiroa eta pobrea ere bai. Ez zaio arretarik jartzen kulturari. Lan gogorra da, esker gutxikoa, eta askotan musutruk egin beharrekoa. Orain datozenek ere lan gogorra daukate. Animo”, esan die Telleriak.
Ekitaldian parte hartu dute, bestetik, Zador eta Gorosti txalapartariek, Aitor Sarriegi, Iñaki Apalategi eta June Aiestaran bertsoalriek, eta Maddi Otamendi eta Julen Gorostiaga musikariek.