Biziola denda irekita eta abian
Ostiral arratsetik, martxan jarri dute Goierriko lehen sektorea eta erosleak lotuko dituen Lazkaoko gunea. Lau langilerekin, astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua
Bertako nekazaritza ekoizpena gero eta salbuespenezkoagoa den garaiotan, eta merkatu nahiz azoka tradizionalak mehetzen ari diren honetan, ekoizleak eta erosle arduratsuak harremanetan jartzeko bokazioarekin ireki dute Biziola denda, Lazkaon. XXI. mendeko azoka modukoa da, bai itxuraz, bai antolaketaz eta horniduraz. Leku finkoa eta eguneroko zerbitzua izango duela, horietxek abantailak.
Lazkaoko Hiribarren industrialdeko atzealdean, Biziola kooperatibaren egoitza bihurtutako fabrikan ostiralean 17:00etan zabaldu zuten denda. Bi orduan, motelago hasieran, samaldaka azkenerako, goierritar ugari bertaratu zen: denda ikusi, lehenbiziko produktuak erosi —ilarak sortu ziren ordainlekuan— eta, batez ere, proiektuari ongietorria ematera.
Goierri du Biziolak plaza, eta handik harako zirkulua itxi nahi du: eskualdean ekoitzitako jaki eta lehengai ekologikoak bertan bildu, eta goierritarrei erosteko aukeran utzi. Hala, dendan bailarako 22 ekoizleren gaiak topatuko ditu erosleak. Guztira, 60 hornitzaileren 200 produktu.
Astelehenetik ostiralera
Plazetako azoken moduan dago denda barrutik antolatuta: erdian barazki eta fruta freskoak, kalexkak osatuz; eta horma-barren guztia inguratuz apalategiak, hozkailuak eta iraupen luzeagoko produktuek kaxak.
Hamar baratzezain eta frutazain goierritarrek hornituko dute denda, Altzagarate, Beasain, Itsaso, Ordizia, Zegama, Zerain eta Zumarragakoak. Ogiak Itsasotik (bi okin) eta Lazkaotik ekarriko dituzte; Goiekoren haragia; Garoa gaztak, Iztueta esnekiak, Bidatz Sasiainen produktu naturalak, kosmetika eta garbikari artisauak (Hernani, Orendain eta Tolosakoak)…
Olioak, ardo, garagardo eta sagardoak, pasta eta arrozak (paketetan nahiz handizka), arrautzak, marmeladak, eztia… Denetariko aukera jarri du Biziolak, denborarekin ugaritzekotan.
Denda astelehenetik ostiralera 13:00etatik 19:00etara edukiko dute zabalik. Lau langile hartu dituzte. Aurki, herrietara eramateko banaketa zerbitzua ere martxan jartzekotan dira.
Komunitatea eta topalekua
Biziola kooperatiba 370 banako bazkidek eta erakunde, enpresa nahiz elkarte gehiagok sustengatu dute. «Helburu nagusia inguruko ekoizleak zaintzea da, eta dendara geroz eta gehiago ekartzea. Lantzen ari gara arlo hori, eta eskualdeko ekoizle gehiagok hornitzea nahi dugu», azaldu dute irekitze-ekitaldian.
Komunitate kontzeptua behin eta berriro erabili dute hizlariek. Baita topaleku izatearen funtzioa ere. Amaia Aierbek (Biziolako kidea), Jon Etxeberria erlezainak (ekoizlea), Haizea Bravo eta Ander Kerejeta langileek, eta Eva Arrieta bazkideak hartu zuten hitza, ostiraleko estreinaldia emateko ekitaldi xumean. Aitzol Barandiaranek bi bertso kantatuta eman zion bedeinkazioa.
Arrietak esan zuen «bizitza eta pertsonak erdigunean» jarriko dituen eredu bat izatea nahi dutela Biziolan. Nekazarien eta bertako elikadura-ekonomiaren erosleen «zubia» finkatu dute.













