San Ignazio auzoko aldapa asfaltatzen ari dira
Alvargonzalez Contratas, S.A. enpresak egingo ditu lanak aste honetan zehar, 69.650,12 euroko aurrekontuarekin.
Legazpiko Udalak San Ignazio auzoko aldapako asfaltoa berritzeko lanak egingo ditu aste honetan zehar. Lanen aurrekontua 69.650,12 eurokoa da, eta Alvargonzalez Contratas, S.A. enpresa arduratuko da exekuzioaz. Zirkulazioan eragina izango dute obrek, eta bide-seinaleei adi egoteko eskatu diete gidariei.
Asfaltatze lanak San Ignazio auzora iristeko bide nagusian egingo dituzte, hau da, Santikutz kaletik gora doan aldapan, beheko bidegurutzetik San Martin auzoraino. 260 metroko luzera du tarte horrek eta 1.612,00 m2ko azalera; bideak batez beste 6,20 metroko zabalera du.
Errepide osoko errodadura geruza kenduko dute, eta zuloak konpondu ondoren, zoru trinkoa jarriko dute gainean, sei zentimetroko lodierako asfalto ofitikozko errodadura geruza, hain zuzen. Espaloiak ez dira ukituko, baina horien inguruan asfalto inprimatu bat egingo dute, oinezkoentzako gunea seinalatzeko.
San Ignazio, 1950eko hamarkadakoa
San Ignazio auzoa Legazpi goialdean dago, eta udalerriko auzo zaharrena da, joan den mendeko 1950eko hamarkadaren lehen erdian garatu baitzen. Eraikinak ez dira hiru altuera baino gehiagokoak. Berdegune zabalak dituen auzoa da, eta espaloiak nahiko estuak dira.
Santikutz kaletik abiatuta dagoen aldapa da bertara ibilgailuz iristeko bide nagusia.