Ukrainaren berreraikuntzan begia jartzeko erakusketa
'Ucrania' eta 'Ama, ez dut gerrarik nahi' argazki eta marrazki erakusketak dira hurrenez hurren, eta herritarrak kritikoki sentsibilizatzea eta gerra gaitzestea dute helburu. Ukrainaren berreraikuntzan parte hartzeko gonbidapena ere luzatu nahi diete inguruko enpresariei.
Ukrainako inbasioaren testigantza Legazpiraino iritsi da Ucrania eta Ama, ez dut gerrarik nahi argazki eta marrazki erakusketekin. Atzo inauguratu zituzten Txillida Lantokian, Fabrika gunean, eta otsailaren 5era arte egongo dira ikusgai, Legazpiko Udalaren eta Lenbur Fundazioaren babesean.
Bi erakusketak Ukraina eta Poloniako enbaxaden jabetzakoak dira, eta inbasio horren aurrean herritarrak kritikoki sentsibilizatzea eta gerra gaitzestea dute helburu. Gernikan egon dira ikusgai Legazpira iritsi aurretik, eta datozen hilabeteetan beste hainbat lekutara eramango dituzte.
Inaugurazio ekitaldian Enrique de Villamor y Soraluce Gaztela eta Leonerako eta Kantabriarako Poloniako Errepublikako Kontsula izan zen, erakusketen antolaketan ere parte hartu duen Auschwitz Birkenau Institutu Nazionaleko Eduardo de Ocamporekin batera. Koldobike Olabide Legazpiko alkateak eta Lenbur Fundazioko lehendakari Luis Txillidak eta Agurtzane Elustondo zuzendariak ere parte hartu zuten inaugurazioan.
Berreraikuntzan parte hartzeko aukera
Poloniako kontsulak Goierrirekin duen harremana aipatu zuen erakusketaz hitz egin aurretik, ama zuelako Gabiriakoa. Legazpira Luis Chillidaren bidez iritsi da, haren bidez ezagutu zuelako Fabrika gunea, eta “toki aproposa” iruditu zitzaion Ukrainako inbasioaren ondorio suntsitzaileen berri ematen duten erakusketak jartzeko. Enrique de Villamor y Soralucek azaldu zuenez, erakusketa horien helburua “inguruko enpresa sektoreari gonbidapena luzatzea da, Ukrainiaren berreraikitzea azkartzeko prozesuan parte har dezan”. Hain zuzen, Goierri garaiko enpresa munduko ordezkariak gonbidatu zituzten erakusketaren inauguraziora. Hala ere, “publiko osoari” zuzendutako erakusketak direla zehaztu zuen, jendeak ikus dezan “Ukrainan bizitzen ari diren egoera eta gertaerak zein gogorrak diren”.
Koldobike Olabide alkateak, bere aldetik, erakusketak Legazpin izatea “gure herriak Ukrainarekin bat egiteko modu bat” dela esan zuen, eta argazkiak eta irudiak ikustera joateko gonbidapena luzatu zien legazpiar guztiei, “gogoeta eta hausnarketa egiteko, ukrainarrek egunero bizi dutenaren inguruan”.
Luis Chillidak, azkenik, baikortasun puntua jarri zuen, gerraren ondorengo berreraikuntzaz hitz egitean, eta Lenburren helburuetako bat, hain justu, ondarearen berreskurapena dela gogoratu zuen. “Erakusketa hauen helburua ez da enfasia suntsipenean bakarrik jartzea”, adierazi zuen, baita ikustaraztea ere “gerra ondoren Ukraina berreraikitzea errazagoa izango dela enpresa eta gizarte eragileen partaidetzarekin”.
Bi erakusketa
Ucrania erakusketaren helburua ondarean eta azpiegituretan gerrak duen izaera suntsitzaileak erakustea da, eta horretarako argazkiak baliatu dituzte, batez ere Ukrainako gobernuaren jabetzakoak. Horren aurkezpenean Eduardo de Ocampok aipatu zuenez, ondare eta azpiegitura pertsonalaren eta publikoaren suntsipenean jarri nahi izan da indarra argazkien bidez, etxebizitza eraikinetan, eskoletan, garraio publikoan, lantegietan, edo baratzeetan, adibidez.
Bigarren erakusketaren izenburua Ama, ez dut gerrarik nahi da, eta gerraren ondorioak jasan dituzten haurrek egindako marrazkiak dira. Ukrainako haurrak dira batzuk, eta Bigarren Mundu Gerran Polonian bizi zirenak beste batzuk. Gaurko eta orduko marrazkiak oso antzekoak dira, eta hori “ikaragarria” dela nabarmendu zuen Poloniako kontsulak.
Bi erakusketak ikusteko egunak urtarrilaren 26a, 27a, 28a eta 29a eta otsailaren 2a, 3a, 4a eta 5a izango dira. Ostegunetan eta ostiralean 17:00etatik 19:00etara egongo da irekita, eta larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara, eta igandeetan 11:30etik 13:30era.