Legazpiko Udalak 29.000 euro banatu ditu merkataritzan, ostalaritzan eta enpresa txikietan inbertsioak egiteko diru laguntzetan
Herriko 42 jarduera izan dira onuradunak: saltokiak, zerbitzuak, ostalaritza establezimenduak eta industria alorrekoak. Aurten ere martxan jarriko dute laguntza lerro hori.
Legazpiko Udalak 29.000 euroko diru laguntzak banatu zituen iaz, enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritza biziberritzeko inbertsioak egiteko. Hala jakinarazi du Erik Galvez, arlo horretako udal zinegotziak.
Galvezek azaldu duenez, herriko 42 jarduera ekonomiko izan dira laguntza horien onuradunak. Horietako 16 saltokiak direla ere zehaztu du, eta gainerakoak, 16 zerbitzuak, bederatzi ostalaritza establezimenduak eta bat industria alorrekoa dira. Guztien artean 140.244 euroko inbertsioa eragin dute, eta jaso duten laguntza inbertsio horren %21ekoa izan da, batez beste.
Zinegotziak gogoratu du laugarren urtez jarraian banatu direla diru laguntza horiek, eta udalak iazko abuztuan jarri zuela partida hori martxan. Iazko kopuruak gehituta, lau urte horietan 131 eskabide onartu ditu eta 163.948 euro eman ditu guztira, horri esker 477.074 euroko inbertsioak eraginez.
Aurten ere banatuko ditu
Aurtengo lehen hiruhilekoan udalak aguntzen deialdi berria argitaratuko duela ere aurreratu du Galvezek, autonomoei eta enpresa txikiei zuzenduta. Ibilbidea hasi nahi duten ekintzaileak ere kontuan hartuko dituztela esan du.
Eustat estatistika erakundearen arabera, Legazpin 481 autonomo eta 50 enplegatu baino gutxiagoko enpresa daude, eta horiek guztiak izan daitezke onuradunak Galvezek dioenez.