Oscar Valbuena izango da Legazpiko sozialisten alkategaia
Gaur goizean aurkeztu du bere hautagaitza PSE-EEren herriko egoitzan, Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako Diputatu eta alderdikide Jose Ignacio Asensiok lagunduta.
Legazpiko sozialistek Oscar Valbuenaren alde egin dute berriz ere, aurtengo maiatzeko udal hauteskundeetarako. Valbuena izango da PSE-EEren alkategaia, eta bere hautagaitza aurkeztu berri dute herriko egoitzan, Jose Ignacio Asensio Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako Diputatuak eta alderdikideak lagunduta.
Oscar Valbuena (Legazpi, 1978), ingeniaria da eta CIE Legazpin egiten du lan. Horrez gain, Legazpiko Udalean zinegotzia eta sozialisten bozeramalea da.
“Aliatu bat”
Asensio arduratu da Valbuenaren hautagaitza aurkezteaz. “Legazpirekin konpromisoa hartuta duen sozialista da, bere herriaren alde lanean jarraitzeko gogoa eta Legazpik behar dituen proiektuak bultzatzeko elkarrizketarako gaitasuna dituena”, esan du.
Bere sentsibilitate sozialarengatik, elkartasunagatik, konpromisoagatik eta “politika baliagarria” egiteagatik nabarmentzen den pertsona dela ere adierazi du, eta, bestak beste, atez ateko zabor bilketa sistemaren aurka egindako lanagatik goraipatu du. Hori, eta ingurumenaren, mugikortasunaren, kulturaren, gazteriaren eta kirolaren alorretan egindako beste lan batzuk kontuan hartuta, Foru Aldundian dauden hiru diputatu sozialistek Legazpin “aliatu bat” izan dutela nabarmendu du.
Amaitzeko, “oso harro” esan du “Legazpiri ondo doakiola sozialistokin”, eta Oscar Valbuena dela “alkatetzarako hautagairik onena”, batez ere “kudeaketa eraginkorra eta alderdikeriazkoa ez den udal politika, beti herritarren interes orokorrera bideratzen dena bermatzen duen pertsona delako”.
Valbuena, “ildo progresistari jarraituz”
Valbuenak, bere aldetik, «ilusioz eta gogo biziz» aurkeztu du bere burua alkatetzarako, eta azaldu duenez, «ildo progresistari jarraituz, Legazpi eraldatzen jarraitzeko» eta «EAJren eta Bilduren alderdi biko dinamika gainditzeko» asmoa du.
Legealdi berrirako erronkak ere zerrendatu ditu, azken lau urteetan bezala «gehiengoaren onurarako izango den lan eraikitzailea» eginez bete nahi dituenak. Jarduera ekonomiko berriak sortzea, zahartzeari aurre egiteko gizarte zerbitzuak garatzea, kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea, gazteentzako etxebizitza publikoa sustatzea, Legazpi atseginagoa eta irisgarriagoa bihurtzea eta herria garatzeko ingurumen jasangarritasunean oinarritzea dira erronkak.
Horiei aurre egiteko programa prestatzen hasita daudela aurreratu du. «Erantzun errealistak, zentzudunak eta eraginkorrak» izango ditu programak, eta «herritarrekin batera lan egiteko konpromisoa» ere jasoko du. Horrela, 2030 Agendaren foroa berraktibatuko du eta auzoetan bilerak egingo ditu, besteak beste.
Azkenik, hauteskunde zerrenda ere osatzen hasi direla esan du, eta «zeharkako, belaunaldien arteko eta administrazio publikoan, industrian eta ekintza sozialean esperientziadun talde bat» izango dela zehaztu du.