Aurten ez da kaldererorik izango Ordizian
Ordiziako kaldereroen batzordeak azaldu duenez, "parte-hartze faltagatik" ezin izango da festa ospatu. 1998an berreskuratu zen, eta 22 urtez egin izan da. Belaunaldi berrien erreleboa espero da.
Kaldereroak ez dira Ordiziako kaleetatik pasako aurten. Ez da festarik izango. Ordiziako kaldereroen batzordeak azaldu duenez, ahal zuten guztia egin dute, baina “parte-hartze faltagatik” ezinezkoa izango da. 1923an ospatu zen lehen aldiz kaldereroen festa Ordizian. Urte luzez galduta egon ondoren, 1998an berreskuratu zuen ordiziar talde batek, eta urte hartan 400 lagunek parte hartu zuten.
22 urte iraun du berreskuratutako festa horrek, 2020ra arte. Haur, gazte zein helduek parte hartu izan dute. Azken bi urteetan ez da antolatu pandemiagatik, eta aurten agur esan beharko zaio, beste talde batek erreleboa hartu eta festa biziberritzen duen arte. “Gure asmo bakarra, kaldereroen festa berreskuratzea izan zen, eta 22 urtez lortu dugu”. Eskerrak eman dizkiete lan egin dutenei. “Lo hartu dezala kaldereroen festak. Laster norbaitek esnatu dezala espero dugu, eta alaitasunez itzuli dadin”, adierazi du batzordeak.
Euskal Herriko hainbat herritan ospatzen dute kaldereroen festa, tartean Tolosan edo Donostian. Inauteriak iristear dauden seinale da. Kaleetan zehar mozorrotuta, osagarri distiratsuekin jantzita, antzinako Europa ekialdeko ijito pertza-konpontzaileak eta haien familiak irudikatzen dituzte, zartaginak eta pertzak joaz eta abestuz. Inauteri garaian esnatzen den hartzaren pertsonaia ere irudikatzen da. Azken urteetan Zozomikotea ere atera da kalera Ordizian kaldereroekin. Martxoko azken bi egunei eta apirileko aurreneko biei ematen zaien izena da Zozomikote, eta baita zozoak bikoteka habia egiten hasten diren garaiari ere (zozo bikote). Ordiziako pertsonaia, espresuki herriko kaldereroen festarako sortu zuten, izen berarekin. Zozomikote egunak, era berean, egun tristeak eta luzeak dira.
Aurten ospatuko ez den arren, belaunaldi berriek erreleboa hartu eta noizbait festa berreskuratzea espero dute orain arte lanean ibili direnek.