Neguaren oparia Txindokin
Izotzetako eskalada bide bat ireki dute Mikel Saez de Urabain eta Joseba Iztueta eskalatzaileek Txindokiren hegoaldeko horman. 'Baratza iraultza' izendatu dute, eta M6 gradua eman diote.
Goierrin oso noizbehinka bakarrik lor daitekeen tantoa poltsikoratu dute Mikel Saez de Urabain ordiziarrak eta Joseba Iztueta gabiriarrak: izotzetako eskalada bidea irekitzea. Asteartean lortu zuten, Txindokin. Azken asteko negu giroak baldintza egokiak sorrarazi ditu goi mendian mota horretako eskalada egiteko: elurra, eta hotz handiaren ondorioz izoztuta. Ez dute aukera alferrik galtzen utzi.
«Egun hauetan dauden baldintzak aprobetxatuz ireki dugu bide berria. Inguru hau ez da askotan egoten horrela izoztuta eta elurtuta, eta hotz hauekin, neguko baldintzak sortu dira Txindokin», azaldu du Iztuetak.
Asteartean hasi eta bukatu zuten Baratza iraultza izotzetako eskalada-bidea. Behin laneko konpromisoak amaituta, bazkal garaian joan ziren Txindokiren oinera, eta urtarrilaren 24ko arratsalde hartan bertan kateatu zuten osorik.
«Txindokiren hegoaldeko paretan ireki dugu. Hotz garaian egiteko da, elurra eta hotza behar du, eta, noski, neguko eskaladak eskatzen duen material bereziarekin». Baratza iraultza izenarekin bataiatu dute bidea, eta M6 gogortasuna eman diote. «Eskalatzeko bide gogorra da. Ezinbestekoa da egun oso hotz batean joatea», dio Iztuetak.
Igoera bertikala
Iztuetak soka-lagun Zaldibian bizi den Mikel Saez de Urabain (Ordizia, 1968) izan du. Mendigoizale eta eskalatzaile trebatua eta esperientzia ikaragarrikoa da, Txindokiren ertzak gutxik bezala ezagutzen dituena.
Neguko eskaladan, harkaitzeko ohiko graduazioaren bestelako eskala erabiltzen dute. «Agian neguko bideen graduazioa ez da hain ezaguna. Izotz eta elur bidean, harkaitzezko zati mistoak sarri dituztenei aplikatzen diete M izendapena».
6ko gogortasunak, berriz, atsedenlekurik gabeko edo oso gutxiko zati luzeak daudela, eskalada bertikala dela (90 graduetatik atzera etzaten dena tarteka), eta maila tekniko handia eskatzen duela adierazten du. Hortik, eskalatzaileek eurek aitortu duten bezala, bide «gogorra» izatea.
Hiruzpalau orduko lana behar izan zuten Saez de Urabainek eta Iztuetak Baratza iraultza ixteko. Ilunpean bukatu zuten. Txindokiren tontorra baino beherago gelditzen da goiko punta, udako eskalada-bideen artean.
Neguko bide sortan
Bizkar etzanagoan hasten da bidea, M4 gogortasunarekin. Gorantz egin ahala, zaildu egiten da, erdibidean M5era igota eta azkeneko zatian M6ra.
Txindokiren horma berean, Baratza iraultza bideak albo banatara ditu Huerta eta Txema bideak. Ezkerrerago Zuzena bidea, denak ere izotzetakoak. Hain justu, aldameneko Huerta izenaren euskarazko ordain gisa izendatu dute Iztuetak eta Saez de Egilazek berria.