Mugikortasunaren errehabilitazio zentroa ireki dute Urretxun
Exoeskeletoak erabiliko dituzte mugikortasuna berreskuratzeko. Gogoa Mobility Robots enpresak ireki du. Mugitegi industrialdeko Sortzen enpresa haztegian dago.
Gogoa Mobility Robots enpresak Euskal Herriko lehen Living Lab-a inauguratu du. Urretxuko Mugitegi industrialdeko Sortzen enpresa haztegiko Onbideratu zentroan dago. Bertan, pazienteak ebaluatuko dituzte eta mugikortasunaren neuro-errehabilitazioan espezializatutako tratamenduak eskainiko dizkiete. Saiakuntza laborategia da. Bertan berrikuntzak aplikatzen zaizkie gorputz adarretan errehabilitazioa behar dutenei.
Living Lab-a atzo inauguratu zen. Ekitaldian Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak parte hartu zuen. Living Lab horretarako, Gogoak exoeskeleto eredu berri bat garatu du. Beheko gorputz adarretan mugikortasuna berreskuratzeko balio du. Hank+ du izena. Exoeskeletoa armadura baten modukoa da eta lesio fisiko eta neuronalak dituzten pertsonei gorputz adarrak mugitzen laguntzen die. Aginduak ordenadore baten edo ahotsaren bidez ematen zaizkio.
Hank+ekin batera, Living Lab-ak eskuen errehabilitaziorako ekipamendua eta errealitate birtualeko ekipo bat ere baditu.
Diagnostikoak
Entsegu laborategia sortzeko, enpresak, diagnostikorako ekipamendu berria ere erosi du: mugimendua atzitzeko sistema, oreka aztertzeko eta birgaitzeko plataforma, esfortzu muskularrak neurtzeko eta aztertzeko sistema eta analisi eta estimulazio neuronaleko sistema.
Living Lab hori Osasunberri ekimenaren barruan kokatzen da. Ekimen horren helburu nagusia osasun sektore hurbil, eraginkor eta integrala eraikitzea da, zero kilometro filosofian oinarritua. Osasunberrik Eusko Jaurlaritzaren babesa du. 27 erakundek osatutako partzuergo bat osatu da sektorea biziberritzeko, lankidetzan lan egiteko, lehiakorragoak izateko, produktu eta zerbitzu berriak garatzeko eta sektore garrantzitsu horren inguruan aberastasuna eta lanpostuak sortzeko. Gogoa Mobility Robots 27 erakunde horietako bat da.
Apustua
Living Lab-a Mankomunitateak eta Uggasa garapen agentziak sektore sozio-sanitarioan egin duen apustuaren fruituetako bat da. Besteak beste, neuro-errehabilitaziorako exoeskeletoen bidez tratamendu berritzaileak ematea bultzatu da, Gogoa enpresaren eskutik eta aldundiaren laguntzarekin. Gogoak Uggasaren laguntzarekin eman zituen lehen pausoak eta Sortzen enpresa haztegian izan zuen lehen egoitza.
Uggasa, UGLE eta Gogoa beste proiektu bat ere garatzen ari dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Urola Garaia Zaintza Lab proiektua, hain zuzen ere. Mendekotasun egoeran dauden pertsonen etxean bertan, zainketa berritzaileak emateko esperientzia pilotu bat abiaraziko da 2023an.