Belarxarrak irabazle bi koxkol eskasengatik
Herri kirol desafio lehiatua jokatu dute gaur arratsaldean Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. 1998 eta 1999 urteen artean jaiotako Belarxarrak taldeko gazteek irabazi diote lehia Uztauek talde beteranoari.
Azken momentura arteko emozioz betea egon den herri kirol desafioa jokatu dute gaur Belarxarrak taldeak (gazteak, arrosaz) eta Uztauek taldeak (beteranoak, berdez). Hamar herri kirol osatu behar dituzte, lau itzulitan, eta azkeneko koxkol biltzera arte ez da erabaki nork irabaziko zuen lehia. Bi koxkol eskas izan dira erabakigarriak, bost segundo, ia ordubeteko lanean. Igarondoko pilotalekuko harmailak bete-bete eginda zirela jokatu da desafioa gaur arratsaldean, Idiazabalgo San Blas jaien barruan. Hamabina kirolari aritu dira lehian talde bakoitzeko. Juanito Mendizabalek egin ditu aurkezle lanak. Saioa hasi aurretik Gari Garmendiak 200 kilo harria jaso du lehen aldiz plazan.
Egin beharreko lana
Hauxe da egin beharreko lana, lau aldiz: Aizkoran enbor bat; Zakua eramaten 8 plaza; Korrika bost itzuli; Ingudean 30 kolpe; Harrijasotzen 8 altxaldi 100 kiloko bolari; Giza proban 4 plaza; Trontzan 2 epai; Txingatan 4 plaza; Lasto altxatzen 7 altxaldi; Koxkol biltzen 15 koxkol. Lehen bi itzulietan talde beteranoa izan da aurretik, baina hirugarreneko aizkori saioan gazteak aurreratu dira. Laugarrenen eta azken itzulian beteranoak jarri dira aurretik berriz, baina giza proban katea eten zaie berdeei, eta hor galdutako segundoak ondo baino hobeto baliatu dituzte arrosek desafioa irabazteko. Taldeko argazkiaren ondoren, sokatiran aritu dira, eta hor beteranoak izan dira nagusi.
Talde bakoitzeko partaideak
Belarxarrak taldean honakoak aritu dira: Jon Alustiza Txonpo (aizkora), Joanes Agirre eta Egoitz Tello (zakua), Beñat Arribas (korrika), Ibon Loidi (Ingudea), Gari Garmendia (harria), Julen Mariñelarena eta Eneko Mujika (giza proban), Aimar Balerdi eta Joanes Agirre (trontza), Jokin Barrenetxea (txinga), Egoitz Tello (lasto altxatzen) eta Imanol Urrestarazu (koxkolak).
Uztauek taldean honakoak: Aitor Urteaga Haitow (aizkora), Aritz Iparragirre eta Asier Alberdi (zakua), Xabi Sanchez (korrika), Nerea Garcia (Ingudea), Xabier Aranburu Guzta (harria), Mikel Mendizabal eta Aitor Zuriarrain (giza proban), Lurdes Intxausti eta Andoni Katalina (trontza), Iker Oiarbide Sinfon (txinga), Aritz Ugarte (lasto altxatzen) eta Ibai Urkia (koxkolak).
Martins Licis desafioa grabatzen
Gaurko desafioa hasita zela Martins Licis azaldu da. 2019ko Gizonik Indartsuenaren tituluaren irabazlea da, eta hamar eguneko egonaldia egiten da ari da Euskal Herrian. Otsailaren 5ean, Abadiñon, 200 kiloko harria altxatzen saiatuko da. Desafioa grabatzen aritu da, youtubeko kanalean emateko.