Urretxuko EH Bilduren mahai politikoak Jon Altolagirre proposatu du alkategai izateko
Urretxuko EH Bilduren mahai politikoak Jon Altolagirre Askasibar proposatu du maiatzaren 28an izango diren udal hauteskundeetan alkategai izateko. Altolagirre (Urretxu, 1983) Politika eta Administrazio Zientziatan Lizentziatua da eta prozesu parte hartzaileetan graduondokoa egin zuen. 2011- 2015 legealdian Urretxuko Udaleko zinegotzia eta udal gobernuko kidea izan zen. Gizarte Ekintza eta Parte Hartze eta Komunikazio batzordeetako buru, hain zuzen ere. 2015a geroztik Europako Parlamentuan aritu da lanean, EH Bilduren parlamentarien aholkulari gisa.
Altolagirrek “arduraz” hartu du mahai politikoak egindako eskaintza. “Ohore bat da niretzat Urretxuko EH Bilduren zerrendaburua izatea, herriaren alde lan egiteko kemenez bainago, proiektu kolektibo baten partaide. Urretxuk potentzialitate handiak ditu, eta hamarkadetan izan duen herrigintza indartzeko unea iritsi da, komunitate sendoa osatu eta herritar guztien berdintasunean sakonduko duena. Ildo horretan, ezinbestekoa da zerbitzu publikoak indartzea eta oinarrizko zerbitzuek izan duten prezio igoera neurrigabeari aurre egitea. Horretarako, gogor lan egingo dugu Europako eredu aurreratuenak Urretxura zein Urola Garaira ekarri eta ditugun aukera guztiak probesteko, garapen sozioekonomikoa erdigunean jarri eta kalitatezko enplegua bermatuko duen aktibitatea bermatzeko. Izan ere, aurrean ditugun erronkek egiturazko neurri eta proiektuak behar dituzte, komunitatea ehuntzen jarraitu eta herritarren ongizatea lehenetsiz”.
EH Bilduko kideek hautagaitza berretsi beharko dute.