Sua eta Kokein taldeek joko dute Legorretan otsailaren 10ean
Kontzertua 22:30ean hasiko da, eta sarrerak 8 euroan jarriko dituzte salgai.
Legorretako Satto kultur elkarteak aurtengo iragarrita dituen bost kontzertuetatik bigarrena otsailaren 10ean izango da. Maruri-Jatabeko Sua taldeak eta Eibarko Kokein taldeak igoko dira Herri Antzokiko oholtzara, 22:30ean hasita. Sarrerak 8 euroan jarriko dituzte salgai aurrez –aurki jakinaraziko dituzte sarrerak erosteko bideak–, eta egunean bertan 10 euro kostatuko dira.
Bi taldeek diskoak kaleratu dituzte 2022an. Kokein ibilbide luzeko rock taldea da –1999an sortua– eta Atomika da kaleratu duen azken lana, eta aurrez beste sei disko dituzte onduak. Sua talde gazteagoa da, 2018an sortua, eta pop-rocka egiten du. Gorde genituen beldurrak da disko berriaren izenburua.