Azurmendi eta Txikia IV.a txapeldun Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusian
Sei kana erdiko, sei 60 ontzako eta sei oinbiko ebaki behar izan dituzte. Zestoako kiroldegian jokatu da txapelketa.
Iñaki Azurmendi arriarandarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a dira Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusiko txapeldun berriak. Atzo jokatu zen Zestoako kiroldegian aizkora lehia, bi mailatan: lehen mailakoak eta promozio mailakoak.
Maila nagusian berrikuntza bat egin zuten antolatzaileek, “ikusleentzako saio politagoa izateko helburuarekin”. Sei kana erdiko, sei 60 ontzako eta sei oinbiko ebaki behar izan dituzte; Promozio Mailako aizkolariek, berriz, lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako.
Azurmendik eta Txikia IV.ak 30 minutu eta 7 segundoan osatu dute lana. Bigarren sailkatu den bikoteak, Otañok eta Mujikak 31 segundo gehiago behar izan dituzte (30:38), eta Larrañaga eta Jauregi izan dira hirugarren (31:56). Ugaitz Mugertzak eta Larrea III.ak osatutako bikotea da podiumetik kanpo geratu den bikotea (32:22).
Aurrez, promozio mailakoak
Promozio maila jokatu da aurrez. Lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako ebaki behar izan dituzte. Julen Kañamares eta Julen Olano izan dira azkarrenak (15:30), bigarren Eneko Saralegi eta Pellejero sailkatu dira (15:44) eta hirugarren Eloy Corchero eta Aratz Mugertza (16:02).