Haurrek danbor hotsez itxi dute asteburua Idiazabalen
Haurren danborradak astindu ditu kaleak Idiazabalgo jaietako igande arratsalde euritsuan. Eskola ingurutik irten, herria zeharkatu eta Igarondo frontoian amaitu dute, ikuslez jositako harmailaren aurrean.
Idiazabalgo haurrek danborrada izan dute gaurkoan. Arratsaldeko 17:00etan abiatu dira eskola ingurutik eta herria zeharkatu, Eduardo Irizar kalean barrurantz sartu eta Igarondo Frontoira joan dira erreka ertzetik danborra joz. Haur hezkuntzatik hasi eta lehen hezkuntzako 6.mailarainoko ikasleak izan dira danbor-joleak gaurkoan, hau da, 3 urtetik 12 urtera bitarteko idiazabaldarrak. Kolore desberdinetako jantziak zeramatzaten, adinka, eta desfilea lerrokatuta egin dute, zuzendaria aurrean zuela taldetxo bakoitzak. Amaitzeko, Igarondo Frontoian zenbait abesti jo dituzte, bete-betetako harmailaren aurrean. Txalo artean jaso dituzte haurrak.