Txoko desberdin ugaritako haur eta gazteak izan dira Idiazabalgo krosean, jai giroan lehian
Haur eta gazteek izan dute haien tartea korrika egiteko eta ondo pasatzeko. Idiazabalgo haurren krosa egin dute eta hainbat txokotako haurrak bertaratu dira. Hala ere, herritarrak izan dira gehiengoa, kamiseta berdez betez lasterketa.
Idiazabalgo Jaiak bertan dira eta ohi bezala, herri krosaren txanda izan da gaurkoan, zehazki 42. Idiazabalgo krosarena. Krosaren edizio honetan ere haur eta gazteek izan dute haien tartea lasterketarako, helduen krosaren aurretik egiten den haurren krosean. Txoko desberdinetako haurrak aritu dira lehian. Gehienak Goierriko herrietakoak ziren, batez ere, Zegama, Segura, Ordizia, Beasain eta Lazkaoko parte hartzaileak; baina baziren zenbait haur eta gazte eskualdez kanpokoak ere, adibidez, Sakana ingurukoren bat edo beste eta Goierritik Donostia alderanzko besteren batzuk. Hala ere, etxekoak izan dira nagusi, herria eta lasterketa kamiseta berdez alaituz. Goizeko 10:45etan hasi dira lasterketa hauek eta bata bestearen atzetik egin dituzte, kategoriak kategoria, 8 urteko haurretatik hasie ta 12-13 urte ingurura arteko gazteetaraino.
Jai giroa izan da nagusi herrian eta haurrak oso gustora gelditu dira egindako lanarekin. Gainera haietako batzuk sariren bat edo beste ere eraman dute etxera, gaurko lanaren aitorpen gisa. Horrez gain, parte hartzaile guztiei dominak eman dizkiete lasterketaren amaieran.