Bolada txarrari aurre egin ezinean
Galdu egin zuen Ampo Ordiziak Santboianaren aurka joan den larunbatean, Sant Boi de Llobregat-en, 30 eta 27.
Ampo Ordizia bolada txarretik atera ezinean dabil. Pasa den larunbatean UE Santboianaren aurka jokatu zuen, etxetik kanpo, Baldiri Aleu zelaian (Sant Boi de Llobregat), eta galdu egin zuen, 30-27. Partidu estua izan markagailu aldetik. Ordiziarrak hasi ziren irabazten. 0-13ko aldea lortu zuten aurreneko ordu laurdenean, eta lehenengo zati osoan irabazten joan ziren. Atsedenaldira 13-16ko markagailuarekin joan ziren.
Partiduko azken 15 minutuetan, ordea, aurretik jartzea lortu zuten Santboianakoek, bi entsegu egin eta trasnformatuta. Eutsi zioten Ampokoek, baina irabazterik ez zuten izan. Azkenean 30-27 amaitu zen lehia.
11. jardunaldia izan zen. Bolada txarrean daude Ordiziakoak. 10 partidu jokatu dituzte denboraldi honetan. Lau irabazi dituzte, eta sei galdu. Bi partida geratzen zaizkie lehenengo itzulia bukatzeko. Asteburuan La Vila taldearen kontra jokatuko dute, etxetik kanpo, El Pantano zelaian (La Vila Joiosa). Lehen itzuliko azken partidua, berriz, etxean izango da, Altamira zelaian, otsailaren 19ko asteburuan. Sailkapenari dagokionez, Ohorezko Mailako 13 taldetatik, bederatzigarren postuan dago Ampo Ordizia.