Elbira Zipitriari buruzko dokumentala, ostegunean, Herri Antzokian
Emanaldia 19:30ean izango da. 'Elbira' dokumentala abenduaren 26an estreinatu zen, euskarazko irakaskuntzan aitzindaria izan zenaren heriotzaren 40. urteurrenean.
Ostegunean, otsailaren 2an, Elbira dokumentala emango dute Herri Antzokian, 19:30ean. Doakoa izango da. Elbira Zipitria euskarazko irakaskuntzan aitzindaria izan zenaren inguruko dokumental fikzionatua da. Zipitria maistra euskaltzalea Zumaian jaio zen 1906an. Donostian andereño lanetan aritu zen. Gerra aurretik euskaraz irakatsi zuen, eta gerraostean, ikastola klandestinoa jarri zuen bere etxean, Donostiako Fermin Calbeton kalean. Metodologia xume eta berritzailea erabiltzen zuen. Hainbat andereño prestatu eta ikastola klandestinoen sarea antolatu zuen. 1982an hil zen, Donostian, abenduaren 26an.
Haren heriotzaren 40. urteurrena zela eta, egun horretan, iazko abenduaren 26an, estreinatu zuten Elbira, Kursaal jauregian. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, EiTB-k, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakundek, BBK Fundazioak eta Bermeo eta Donostiako udalek parte hartu dute proiektuan. Iban Gonzalezek zuzendutako lana da. Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte batzuk fikzionatu dituzte dokumentalean, eta gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak dira protagonista eta haren istorioaren narratzaile.