Iraia Mendiak brontzezko domina lortu du Espainiako Kros Txapelketan, 23 urtez azpikoan
Lehenengo sailkatutik 7 segundora helmugaratu zen atzo lazkaotarra, eta bigarrenetik bi segundora. Ortuellan (Bizkaia) jokatu zen txapelketa. Absolutuan, Ainhoa Sanz urretxuarrak 30. postua lortu du.
Iraia Mendia atletak (Lazkao, 2003) brontzezko domina lortu du Espainako Kros Txapelketan, 23 urtez azpikoen kategorian. Ortuellako (Bizkaia) lokaztutako Las Balsas zirkuituan jokatu zen atzo txapelketa. 9.500 metroko zirkuitua 36 minutu eta 53 segundoan osatu zuen, hirugarren helmugaratuz, Andaluziako Maria Foreroren (36:51) atzetik, 2 segundora, eta Gaztela eta Leongo Angela Viciosatik (36:46) 7 segundora. Eurokros Europako kros txapelketa irabazi zuen Iraia Mendiak abenduan 20 urtez azpiko taldekakoan, Espainiako selekzioarekin, eta talde berean izan zituen bi atleta horiek.
Federazioen arteko eta bakarkako Espainiako Kros Txapelketa izan da. Federazio mailan, Euskal Selekzioarekin parte hartu du. Seigarren postua lortu du Selekzioak taldekako sailkapenean, Mendia taldeko lehena izanik. Urtarrilaren 15ean, Euskadiko Kros txapelduna izan zen lazkaotarra maila absolutuan. Hori ere Ortuellan jokatu zen.
Datozen asteetan ere txapelketa garrantzitsuak izango ditu. Otsailaren 4ko eta 5eko asteburuan, Pista Estaliko 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan parte hartuko du, Antequeran (Malaga). Otsailaren 17tik 19ra, aldiz, Pista Estaliko maila Absolutuko Espainiako Txapelketa izango du, Madrilen.
Mendiak ez ezik, Ainhoa Sanz urretxuarrak ere parte hartu zuen atzo Espainiako Kros Txapelketan, baina maila absolutuan. 30. postuan helmugaratu zen, 39 minutu eta 10 segundoan.