Haitiko 400 familiari laguntza iritsi zaie Alkartasuna Lizeoaren Elkartasun programari esker
Herriak Elkarlanean erakundeari bideratu diote dirua, Haitin egiten ari den lanarekin jarrai dezaten.
Beasaingo Alkartasuna Lizeoko 6. mailako ikasleak, Elkartasun Programa garatzen ari dira Herriak Elkarlanean erakundearekin batera, eta horren barruan, hainbat ekintza burutu dituzte; abenduan, merkatu txikia eta Gabonetan kantu eskea egin zuten. Bi ekintza horiekin, 2.084,54 euro bildu zituzten, eta Herriak Elkarlanean erakundeari bideratu diote.
Elkartasun programan parte hartu duten ikasleen izenean, Adur Sarriegik, Nora Elortzak, Enara Iparragirrek eta Julen Panaderok nabarmendu dute «guk, ondo pasatzeaz gain, munduaren alde horretan duten arazoaz jabetu gara». Jarraian, ikasle denek batera bertso bat kantatu dute.
Herriak Elkarlanean erakundeko ordezkari Leire Plazaolak «eskerrak» eman dizkie, eta ondoren, jasotako dirua zertara bideratu duten kontatu du, herrialde horretan bizi duten egoeraren inguruan xehetasunak emateaz gain. «Haitiko Lassarre herriko 400 familiak eta eskolako haurrek egunero otordu bat eduki ahalko dute diru honi esker» kontatu du, izan ere, “egoera oso txarrean bizi dira, eta laguntza hau oso garrantzitsua da haientzat”. Gehitu du, 2010 urteko lurrikarak egoera are gehiago okertu zuela, eta harrezkero, ez dela irauli.