Idiazabalgo udal gobernuak Izal Baik egindako kritikei erantzun die
Idiazabalgo Udalak 2023 urterako onartu duen aurrekontuaren inguruan Izal Bai oposizioan dagoen alderdiak pasa den astean egindako irakurketaren aurrean, EH Bilduren udal gobernuak ondoko oharra helarazi dio Goierriko Hitzari:
“Idiazabalen festa bezperetan bagaude ere, garrantzitsua iruditzen zaigu, Izal Baik kaleratu duen oharraren aurrean gure erantzuna herriratzea:
-
- Informazio falta: Harrigarria egiten zaigu, informazio falta salatzen dutela. Idatzian planteatzen dituzten zalantza guztiak, Batzordeetan eta Plenoetan landuak izan baitira, eta Izal Bai alderdiak egindako galdera guztiak erantzun dira banan-banan.
-
- Diru-laguntzak: Gurutze Berriko proiekturako diru-laguntzak lortzeko udala eta alkatea ez dela mugitu dio Izal Baik. Hau diote Idiazabalgo Udalak inoizko diru-laguntza handiena lortu duenean. 830.800 euro, proiektu osoaren %33a. Honez gain, Gipuzkoako Urak erakundeari obraren zati bat egitea dagokio, eta ondorioz, %40a bi bide horretatik ordainduko da. Esan ez duten arren, guzti honen jakitun dira.
-
- Epeak: Gurutze Berriko eraberritze obra hauek, aurten egiteko presa dugula leporatu digute hauteskunde estrategia modura. Aipatuta diru-laguntzaren baldintza nagusia, obrak 2023ko azaroaren 30erako hasita egon behar duela da. Esan ez duten arren, guzti honen jakitun ere badira.
-
- Prozedura: 2019ko ekainetik, Udalean Gurutze Berriko proiektuari lotuta ezer ez egin izana ere salatzen dute. Alkatetzan gaudenetik, eta pandemia bat pasa dugun arren, proiektuaren erredakzioa egin da, auzotarrekin proiektua konpartitu da, zalantzak argitu eta bizilagunen proposamenak jaso eta proiektuan txertatu dira. Honez gain, auzoko bizilagun-komunitate guztiekin, lurren zesioaren tramiteak egin dira. Hau dena ere, badaki Izal Baik.
-
- Finantzaketa: Gurutze Berriko lanak 2,7 milioi euroko aurrekontua izatea espero da, gehienez. Lortu ditugun diru-laguntzak kenduta, gainerakoa Udalak hartuko du bere gain. Zati hau bi bideetatik ordainduko da.
-
-
- Alde batetik, udalaren aurrezkietatik: Aurrezkiak, zenbaki borobiletan emanda hirukoiztu egin dira. 2019ko urtarrilaren 31n 500.000 euroko aurrezkia zegoen, eta 1.400.000 euro daude gaur, 2023ko urtarrilaren 31n.
- Bestalde, falta den zatia, milioi bat euro inguru, une honetan negoziatzen ari garen maileguaren bidez ordainduko da. Idiazabalgo Udalaren egoera ekonomikoa kontuan izanda, asumitzeko moduko kopurua.
-
-
- Azkenik, gai honekin eta beste edozein gaiekin informazio gehiago behar badu inork, askotan adierazi dugun bezala, udaleko ateak eta alkatearen bulegoa bera ere zabalik daude edozein zalantza argitzeko”.