Ikuskapen teknikoak egingo dituzte eraisketa lanekin hasi aurretik
Jose Migel Iturrioz eta Joan XXIII.a kaleetako hainbat etxebizitzen egoera ziurtatzea da helburua. Bertako bizilagunekin harremanetan jarriko dira datozen egunetan.
Ezkiaga auzoan lanak hastear dira eta eraikinen eraisketekin hasi aurretik, ikuskapen lanak egingo dituzte hainbat eraikinetan: Jose Migel Iturrioz kaleko 19 zenbakitik 27ra bitarte; eta Joan XXIII.a kaleko 7 zenbatik 12ra dauden etxebizitzak ikuskatuko dituzte. Beasaingo Udalak jakinarazi duenez, datozen egunetan, aipatu etxebizitzetan ikuskapen bisitak zehazteko asmoz, Arretxe Zerbitzuak SL enpresa, etxebizitza bakoitzeko jabearekin jarriko da harremanetan. Helburua da, eraikin horien egoera zein den dokumentatzea, obren ondorioz sor litezkeen kalteak erregistratu ahal izateko.
Arazo administratibo batzuk medio, atzeratu egin dira eremu horretan egingo dituzten lanak, baina aste honekin batera hasi dira. Obraren lehen fasean, 10 aste irautea aurreikusi dutena, Oria ibaiaren ezkerraldea handitu eta CAF lantegiko bulegoak eta ondoko eraikinak eraitsiko dituzte. Obra osoak, bi urteko iraupena izango du.
Aurreikusitakoaren arabera, etxeetako ikuskapen teknikoekin amaitu bezain pronto hasiko dira lanen lehen fasearekin, eta horretan sartuta, lehen bi asteak, prestakuntza lanak egiteko baliatuko dituzte, beraz, oraindik aste batzuk igaroko dira; eremua hesitu eta prestatuko da lehenik, baita makineria eta langileen beharretarako azpiegiturak kokatu ere.
CAFeko atariaren eraistea
CAF lantegiko atari nagusia, Beasainen mende bateko historiaren eta bilakaeraren ate nagusia izan daitekeela esan daiteke. Laster baina, eraitsi egingo dute. Hori baino lehen, ordea, lehen fasearen hirugarren astean, ur-jauziaren eraispena egingo dute, eta ondoren, bai, laugarren astean, CAF lantegiko atariaren eta ondoko eraikinen —kapera, besteak beste— eraispena. Lehena CAFeko sarrera nagusia izango da. Honen ondoren zubia eta segidan kaperaren ondoko eraikina eta kapera.
Bulegoen eraikina eta bere pasabidea izango da ibaiaz bestaldeko lantegiarekin geratuko den lotura bakarra. Behin zubi berria prest dagoenean, azken eraikin hori eta oinezko pasabide zaharra ere eraitsi egingo dira.