Ilargiaren baimenarekin egindako egur bilduma
Joxe Bikuña Agirre ataundarra orain dela hogeita hamar bat urte hasi zen zuhaitz eta zuhaixka mota askoren zurak jasotzen. 125 espezie ditu bilduman. Ataunikerrek erakusketa antolatu du, eta gaur irekiko dute.
Edozein bildumak dauka atzean jakintza bat. Objektuen historia, jatorria edo edonolako beste ezaugarri izan liteke. Joxe Bikuñak egin duen egur mota desberdinen bildumak, ordea, diziplina askotako jakituriak ditu beregan: natura, Euskal Herriko geografia, basogintzak ekarritako espezieen berri, eta antzinako baserritarrek egur horiei ematen zieten erabilera.
Jubilazio aurretxoan, orain 30 bat urte hasi zen zurak biltzen. 125 mota dauzka, lau hizkuntzatan izendatuak (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta deitura zientifikoan) eta bakoitzeko hiru lagin gordeta: luzetarako ebakera, adarraren lodieraren borobila, eta azala ikusteko mozketa.
Mendira joan, adarra moztu eta izena jarri. Bilduma dotorea osatu du, eta Atauniker kultur elkarteak ondare hori herritar guztiengana iristeko erakusketa antolatu du. Gaur 19:30ean irekiko dute, udaletxeko ganbaran, Ataungo zur eta zuhaitz laginak, ondarea ezagutaraziz erakusketa. Bikuña bertan izango da.
Bihar, etzi eta ostiralean 18:30etik 20:00etara ikusi ahalko da; larunbatean, 11:00etatik 13:00etara. Ordu horietatik kanpora, taldeentzako bisitak ere eskaini dituzte (ataunikertaldea@gmail.com).
Ilargia, berebiziko faktorea
Ataungoak eta Goierrikoak ezezik, Euskal Herriaren luze-zabalean jasotakoak dira egur mota asko. Batzuk, atzerrikoak ere bai; artelatza, adibidez, Extremaduratik ekarri zuten. Eta garai batean, piezak edo tresnak egiteko ezinbestekoa zen informazio bat erantsi die denei: egur hori ilberrian edo ilbeheran moztu behar den. «Hamalau urterekin hasi nintzen baserrian gurasoei lagunduz lanean, eta ilargiarekin zeukaten hartu-emanak atentzioa eman zidan: gauza askotarako begiratzen zioten ilargiari, landareak aldatzeko, arbolak botatzeko…», zioen atzo Bikuñak.
Hosto mota zuten horretarako erreferentzia: «Hosto koskadunak, zabalak eta kizkurrak ilbeheran bota behar ziren; luzekak eta koska gutxi zeukatenak, berriz, ilberrian». Kontrara ebakitzen badira, pipiak jango ditu.
Kosken auzian muga non dagoen, ordea, nabar samarra izan, eta beste formula bat ikasi zuen Bikuñak: «Zuhaitz enborra zeharka moztutakoan, batzuek azal inguruan beste kolore bateko materiala edukitzen dute. Gizena esaten zaio horri; barruko gainerakoari, giharrea. Gizena daukatenak ilbeheran bota behar dira; haritza, gaztaina, eta abar. Gizena ez daukatenak, ilberrian; haltza, hurritza…».
Botatzeko, bakoitzaren garai egokiena zein den ere jaso du. Informazio hori guztia, zuren laginekin batera, liburuxka batean erakusketan jarriko du, baita egur mota bakoitza zertarako erabiltzen zuten ere.