Pisua jaurtitzetik, harria jasotzera
Gari Garmendia kirolari idiazabaldarrak 200 kiloko harria altxatu du lehen aldiz plazan, Igarondo pilotalekuan. Abuztuaz geroztik dabil harriarekin, pisu-jaurtiketa utzi eta gero.
Eez du berehalakoan ahaztuko Gari Garmendiak (Idiazabal, 1998) larunbatean Igarondo pilotalekuan bizitakoa. San Blas jaien barruan antolatutako herri kirol desafioan beteranoei nagusitu zitzaizkien gazteak, eta horren aurretik, 200 kiloko harria berdindu zuen lehen aldiz plazan, saiakera bakarrean. Oihu eginez eta bi besoak altxatuz askatu zuen halako egoerek sorrarazten duten amorrazioa.
Berria baita Garmendia harri-jasotzearen munduan. Ume-umetatik hainbat kiroletan ibilia, pisu-jaurtiketan nabarmendu da batez ere. 18 urte zituela 17,77 metroko jaurtiketa egin zuen bost kiloko bolarekin — «nire marka onena»—; zazpi kilokoarekin 15,87 du jaurtiketa onena. Orduko kirol markak ikusita, AEB Amerikako Estatu Batuetara joateko aukera suertatu zitzaion 2016an kirol beka bati esker, eta bost urte egin zituen han. Itzuli zen handik, eta bolarekin jarraitu zuen Realarekin, baina utzia du erabat: «Topea jota nengoela sentitzen nuen».
Harria probatu eta gustatu
Bizitza guztia kirolari lotuta ibili eta gero, dituen ezaugarri fisikoei ondoen egokitzen zitzaion beste kirol bati heltzea erabaki zuen. «Pentsatu nuen niretzako kirol egokia izan zitekeela harri- jasotzea. Inguruan badut horretan ibiltzen den jendea, eta Oriora joan nintzen probatzera, Ostolazarengana. Gustatu egin zitzaidan lehenengo egunetik, eta horrelaxe!».
Abuztuan izan zen hori, eta urriaren 9an egin zuen lehen plaza Idiazabalgo Baserritarren Egunean. Harrezkero astean bitan joaten da Joseba Ostolaza harri-jasotzaile zestoarrak Orion duen Harri Eskolara.
Aurrez bi aldiz bakarrik
Ez zegoen Garmendiaren buruan joan den larunbatean 200 kiloko marka pertsonala jartzea, Ostolazak animatu zuen horretara. «Esan zidan ea zergatik ez nuen lehenengo marka jartzeko saiakera egiten, eta hartara, ezagutzera eman, eta ea leku gehiagotatik deitzen didaten erakustaldiak egiteko edo lehiaketaren batean parte hartzeko. Marka jartzekotan zerbait txukuna jarri beharra zegoela esan nion, eta 200 kilokoa jartzea erabaki genuen». Aurrez bi aldiz bakarrik zuen jasoa entrenamenduetan, eta adierazi du ez zegoela behar adina zailduta. «Aurreratu egin gara pixkat, baina beno, ondo atera da eta gustura!».